Komunitatea

Last Tour eta langileon prekaritatea

Jon Santos 2024ko eka. 26a, 10:06

Argazkia: Gedar

Aurten ere, Last Tourrek Bilbao BBK Live jaialdiaren edizio berri bat antolatu du. Uztailaren 11 eta 13 bitartean, Bilboko kaleak jaialdiaren milaka jarraitzailez eta Last Tourren propagandaz beteko dira, eta bitartean albistegietan jaialdiaren askotariko onuren inguruan besterik ez dugu irakurriko. Baina distira guztiak ez dira urre.

Jaialdi honetan nazioarteko ospe handiko artistek parte hartzen dute; aurreko edizioetan, besteak beste, Rosalia, J Balvin zein Liam Gallagher bezalako abeslariak aritu izan dira eszenatokietan. Izaera internazionaleko beste hainbat makro jaialdi antolatzen ditu Last Tour musika-sustatzaileak: Kolorama, BIME, Azkena Rock Festival… Gainera, espainiar estatu osoko eta beste herrialde batzuetako musika emanaldi, ikuskizun eta artista ospetsu askoren kontzertu nagusien onuraduna ere bada. Horien artean, Taylor Swift, Coldplay, Rolling Stones, Bob Dylan eta Shakiren gisako abeslari eta musika taldeen kontzertuak antolatu ditu.

Azken finean, Last Tourrez ari garenean hainbat enpresa eta markek osatzen duten sare handi batez ari gara: WiZink Center, Zentral Kafe Antzokia, La Ribera kafetegia, Oso Polita disko ekoizlea, Liburuak editoriala, Goxo Club, Lasai jatetxea edo Crystal aretoa dira sare horren parte, batzuk aipatzearren. Negozio sare horri esker Last Tourren irabaziek gora eta gora egin dute, urtero 100 miloi euro fakturatzeraino. Ez da harritzekoa Last Tour urte honetako apirilean CEOEko kide izatera pasa izana, musika industrian enpresak duen pisu eta garrantziaren adibide baita.

Irabazi eta itxura gozagarri horren atzean, ordea, honakoa ezkutatzen da: gure lan eta bizi baldintzen okertzea eta musika industria osoaren monopolizazioa, dirua dela medio. Horretan ere, langileen baldintza itogarrien kontura enpresariak aberastu egiten direla ikus genezake; gure kontura etekin kapitalistaren gurpilak aurrera darrai eta besoak gurutzaturik geldituko al gara?

Sarritan salatu izan dira BBK Live gisako makro jaialdietan langileoi inposatzen zaizkigun lan baldintzak: lanaldi amaigabeak, lan arriskutsuak, atseden hartzeko aukerarik gabe, lan kontraturik eza, gutxieneko soldata azpitik kobratzea, langileak lan ikuskapenetan gezurretan aritzera behartzea, lan baldintzen aurka protestak kaleratzeko mehatxuarekin isiltzea, baldintza penagarrietan jan eta lo egitera bultzatzea… Last Tourrek jaialdiko zenbait zerbitzurako kontratatu dituen azpikontraten kasuan berdina gertatu izan da: Grupo Penny Wise, Le Basque, DLG eta Colombiana de Limpiezas azpikontratetan langileek lan baldintza irregularrak salatu dituzte hainbatetan.  

Instituzio publikoek ere, haien aletxoa jartzen dute urtero Bilbo hiriarentzako oinarrizkoa omen den jaialdia posible egiteko. Horrela, langileek miseriazko lan baldintza penagarrietan aritzeak gutxi kezkatzen dituela garbi ikusten da. Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean 1,5 miloi eurotik gorako diru laguntza jasotzen du Last Tourrek. Diruaz gain, dispositibo nahiko garrantzitsua mobilizatzen da egun horietarako: ikusle guztiak artatuko dituzten autobus publikoak, garbiketa zein segurtasun zerbitzuak… Laburbilduz, enpresaburuen irabazi pribatuak gizendu besterik egiten ez dituen ekimena diru publikoz puzten dute, Bilbobuseko langileak, Bibao Kirolakeko langileak, suhiltzaileak, Samurreko langileak, La Esperanza liburutegikoak zein SADekoak borrokan dauden edo egon diren bitartean. Bide batez, doakiela elkartasun osoa Bilboko Udalak azpikontratatzen dituen enpresetan borrokan dauden langileei.

Jakina denez, Bilbo panorama internazionalean turismoa erakartzeko hiria bilakatu da; hirian turismoaren eta zerbitzuen sektore ekonomikoak nagusitu dira eta horiek bultzatzeko borondatea erakutsi du Udalak behin eta berriro. Auzi hau ez da makro jaialdietara mugatzen. Inbertsio publiko garrantzitsuak egin dira Udalaren zein Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik Bilbon ekitaldi enblematikoak (Tour de France, MTV Awards, Eurocopa 2020…) antolatzeko, turismorako hiri erakargarri bilakatzeko. Mugimendu horien azken helburua hiriak kapital inbertsioak beraganatzea da, horretara begira baitago antolatuta egungo Bilbo.

Horren ondorioak ezagunak dira hiriko proletalgoarentzat: etxebizitzaren prezioaren igoera, proletalgoa auzoetatik kanporatua izatea, zerbitzu publikoen kalitatearen galera, lan baldintzen prekarizazioa, aldi baterako lanaren orokortzea, soldaten jaitsiera eta langileen arteko antolakuntzarako zailtasuna, besteak beste. Baina, horrekin batera, musika zirkuitu oro monopolizatzeko helburua ere badu, edozein zirkuitu alternatibo suntsitzen baitu eta industria musikal eredu jakin bat inposatzen baita: diruaren eredua, hain zuzen ere. Last Tour, beste asko bezala, diru bidez inposatutako hegemonia kulturalaren adierazpena eta sustatzailea da.

BBK Livek ezkutatzen dituen kalte eta ondorio horien erantzuleak dira Last Tour eta Bilboko Udala. Eta hori seinalatzearekin batera, EAJ alderdiak dituen interes klientelarrak gogora ekartzea beharrezkoa da, diru laguntza publikoen dopinari esker lortu baitu Last Tour enpresak egun duen lekua industrian. Eta ez da ausazkoa Last Tour eta Bilboko Udalaren artean dagoen erlazio estua eta dauden interes ekonomikoak. Diru publikoz babestearekin batera, behin baino gehiagotan ikusi ditugu jeltzaleak enpresaren promozioa egiten eta, alderantziz, Last Tour jaten ematen dion eskua goresten. Horren adibide da Alfonso Santiagok, Last Tourreko CEO-ak, Aburto alkatearen hauteskunde kanpainan bozka eskatu izana alderdiaren bideoetako batean. Oihane Agirregoitia eurodiputatuak ere, publizitatea egin dio Instagram kontutik Last Tourrek zabaldu berri dituen Lasai tabernari zein Crystal aretoko Bitxeando musika saioari. Mesedeak mesedeen truk: diru publikoa irabazi pribatuak uztartzeko eta bueltan EAJ-ko zinegotzientzat sarrera VIP-a jaialdirako.

Gainera, Hirian eta Herrian jaialdi “doako” eta “alternatiboen” bidez, Bilboko zein inguruko herrietan aurpegia zuritu eta bestelako irudi bat eman nahi duten arren, BBK Live bezalako makro jaialdien funtzioa zein den argi dugu: langileon lan eta bizi baldintzen kontura aberastea. Hori da proletalgoari inposatu nahi diguten hiri zein bizi eredua: pobreziarena. Bitartean, enpresariek inpunitate osoz jazartzen gaituzte, alderdiek inpunitate osoz bideratzen dituzte errekurtso publikoak enpresen irabaziak loditzera, instituzio publikoek inpunitate osoz etekin kapitalistetan oinarritutako hiria sustatzen dute.

Argi dugu etengabe azpimarratzen duten jaialdiaren onura ekonomikoek ez digutela inondik inora mesede egiten eta horrelako makroekitaldiek ez dutela ezer onik ekarriko guretzat, langileontzat. Enpresariena da onura ekonomikoa eta soilik horien zein instituzioen interesei erantzuten diote. Kontrara, gure kondena inposatu nahi diguten miseriazko bizi eredua da, kapitalaren beharretara egokitutako hiri ereduan garatzen dena. Gure egitekoa da irabazi kapitalisten mesedetan antolatzen diren makrojaialdien atzeko zentzua azaleratzea eta langileon bizi zein lan baldintzen kontrako edozein erasori aurre egitea. Hori dela eta, dei egin nahiko genuke Last Tourrek eta horrelako ekimenek langileontzat dituen kalteak salatu, horien aurka mobilizatu eta langileon kontura aberasten diren enpresarien aurka antolatzera. Horregatik, uztailaren 11an 19:00etan EITB parean antolatu dugun mobilizazioan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu.

BBK Live ez!

Agenda argazkia