Asiloa ukatu zaio Loiuko aireportuan atxikitako saharar gazteari

uriola.eus 2024ko uzt. 4a, 11:44

Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak

Loiuko aireportuan atxikitako aktibista gaztea Marokora deportatua izango da, atxilotua izateko arriskuan badago ere.

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek plazaratu duten ohar baten bidez ohartarazi dute Espainiar Gobernuak ukatu egin diola asilo-eskaera Loiuko aireportuan 10 egun igaro dituen gazte sahararrari, dokumentazioa ez izatea egotzita. Gaztea Marokora deportatu nahi dute, nahiz eta gazteak bertatik ihes egin, politikoki jazarrita zegoelako.

Errefuxiatuen aldeko plataformek gobernuaren eta poliziaren portaera hau “legean eta zuzenbidean oinarrituta ez dagoela” salatu eta jazarpenagatik ihes egiten ari zen herrialdera deportatzeak haren bizitza arriskuan jartzen duela azpimarratu dute, hala deportazioa geldiarazteko eskaera eginda. Deportatzeko hautuaz gain, gazte sahararrak Loiuko aireportuan hamar egunez geldiarazita edukitzea ere gaitzetsi dute plataformek, eta inolako kasuetan onargarria ez dela azpimarratu dute. Gainera, Zehar Errefuxiatuekin plataformak gaztea artatu behar izan du egonaldian; plataforma honek jarri zituen errekurtsoak ekintzaile sahararra deportatua izan ez zedin.

Espainiar estatuko Gobernuaren erabakiarekin konforme ez, “gure nahia da egoera honi irtenbide egokia ematea, zuzenbidean oinarrituta jardutea, eta deportazio erabat bidegabea eta gazte honen bizitza arriskuan jartzen duena geldiaraztea”.