Eraso faxistari erantzun irmoa eman diote arangoitiarrek

uriola.eus 2015ko ira. 1a, 08:44
Argazkia: Ecuador Etxea @EcuadorEtxea

"Gure babes osoa Eriki" esanez bukatu zen atzo arratsaldean 10 minutuko elkarretaratze isila. Ehunka auzotarrek parte hartu zuten Egileor plazan, errepidea mozteraino, Arangoitiko 17 urteko gazte batek joan den ostiral goizean jasandako erasoa. "Naziak kanpora" eta "Arangoiti antifaxista" oihuek baino ez zuten urratu isiltasuna.

Arduratuta daude Arangoitin auzoko adingabeko batek jasandako eraso faxistagatik. Auzo elkarteko kide Txutxik atzoko elkarretaratzean URIOLAri adierazi zionez, "arduratuta gaude, beldurra gainditu behar dugu, baina denok batera bide hori egitea garrantzitsua da". Atzoko protestaldi jendetsuarekin eman zuten auzotarrek lehen pausoa. Ehunka lagunek erabateko gaitzespena agertu zuten elkarretaratze isila eginez eta Erik gazteari babes osoa agertu zioten. Gaur, asteartero Arangoitiko elkarteen koordinadorak egin ohi duen bileran, emango dituzte hurrengo pausoak. Balorazioa egin eta erantzun bateratu bat emateko ekintzak adostuko dituzte.

Arangoitiko auzotarrak ez ezik Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariek parte hartu zuten kontzentrazioan. EAJ-PSE udal gobernuak instituzio gisa erantzun aurretik Ertzaintzaren ikerketako txostena ezagutzeko zain dagoela esateak oposizioa, auzotarrak eta elkarte asko haserrarazi ditu. Are gehiago Aburto alkatearen hitzek. Radio Bilbaori eginiko adierazpenetan, gertakari "bakan bat" bezala baloratzen zuen hiru lagunek Arangoitiko Erik gazteari kolpeka eta labanaz eginiko erasoa. Puntu horrek sortu du eztabaida. EAJk "larritzat", baina "bakantzat" jo duen gertakaria EH Bildurentzat, esaterako, "azken garaian inguru horretan ezinegona eta beldurra zabaltzen ari den eskuin muturreko taldearen jauzia" da. Instituzioek "berehala desegin beharrekoa". 

 

Sare Antifaxista: "Atzetik datorren zerbait da; gure taldeak ez ditu alperrik 10 urte bete"

Hamargarren urteurrena betetzen ari den Sare Antifaxista taldeak ez du ulertzen Bilboko Udalaren jarrera. "Beti ukatu du" faxisten prensentzia Bilboaldean Eduardo Gonzalez eledunaren hitzetan. Duela lau hile Deustualdea ikur naziekin "josi" zutenean, Tomas del Hierro Segurtasun zinegotziak "albora begiratu eta txistu egin zuela" gogoan du Gonzalezek. Arangoitiko gaztearen aurkako erasoa ez da "bat-bateko" gertakaria izan Sare Antifaxistaren esanetan, "atzetik datorren zerbait da; gure taldeak ez ditu alperrik 10 urte bete". Talde faxisten existentzia eta ekintzak salatzen aritu dira Sarekoak sortu zirenetik. Orain arte erakundeek "baztertu" edota "estali" dituzte ekintza faxistak, baina Arangoitiko Eriken erasoa apartekoa izan da. "Erakundeen alarma piztu egin da odol erasoa izan delako", Eduren arabera.

Bilboko Udalaren arreta deitu nahi izan zuen Sare Antifaxistak urte hasieran 2015eko urtarrilean EH Bildu alderdiak Tomas del Hierro Segurtasun zinegotziari eginiko galderekin. "Orduan hemen ez zela ezer ere gertatzen zioen. Orain, aldiz, zer dute esateko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak", galdetzen du Gonzalezek. Hiri mailara ez dira mugatu Sare Antifaxista taldekideak izaera faxista duten ekintzak Bizkaian ez ezik Euskal Herri osoan agertu baitira azken urteetan. Hori dela eta, bi aldiz talde ultraeskuindar eta faxisten jardueraren jarraipenaren inguruko informazioa eskatu zien taldeak Gasteizko Parlamentuan, EH Bildu eta Ezker Batuaren bitartez, bai Beltran de Heredia bai Ares Barne sailburuei.

Kriminalitatearen Estatistika Sistematik jasotako datuak esku artean, 2011tik 2013ra Hego Euskal Herrian 141 eraso izan direla jakinarazi zuen Sare Antifaxistak joan den apirilean, eta urtez urte "ugaritu direla". Besteak beste, eraso LGTBfoboak, faxistak, arrazakeria eta xenofobiari lotutakoak edota pobreziaren aurkakoak izan dira. Bizkaia eta Gipuzkoan jazo dira gorrotoan oinarritutako delitu gehien.
 

 

[2015-08-31] Elkarretaratzea egingo dute 20:00etan Arangoitin eraso faxista salatzeko

[2015-08-31] Argia: Arangoitiko eraso faxista salatzeko Udal Batzordea eskatu dute EH Bilduk, Udalberrik eta Goazen Bilbaok

[2015-08-31] EH Bildu: Arangoitiko gazteari bortizki eraso zion eskuin muturreko taldea berehala desegiteko exijitzen diegu instituzioei

[2015/04/21] Gorroto-delituen gorakadak kezkatuta ditu hainbat elkarte

[2015/01/02] Panfleto nazi-faxistak agertu dira Indautxuko kaleetan

[2014/12/26] Esbastikak eta Josue Estebanezen aldeko mezuak bigarrenez agertu dira Deustun

[2014/12/10] Ikur naziek eta Josue Estebanezen askatasuna exijitzeko pintadek bete dute Deustu

[2014/09/30] Margoketa nazi-faxistak egin dituzte Basurtun

[2014/06/18] Elkarretaratzea deitu dute eraso faxista jasan zuen gaztea babesteko

[2014/06/17] Zurbaranbarrin eraso faxista jasan zuen gazteak salaketa jarri du

[2014/03/18] Faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako aldarria kalera aterako dute larunbatean

[2014/03/11] Faxismo eta arrazakeriaren aurkako eguna, manifestazioa

[2014/03/11] Faxismoari aurre egiteko plataforma berria jarri dute martxan

[2014/11/03] Jarrera eta adierazpen nazi-faxistak salatu dituzte