'Kolakola eta barea' Deustura bidean

uriola.eus 2015ko urr. 19a, 09:40

Ramon Agirre eta Inazio Tolosa artisten, edo Ray eta Nik pertsonaien, pasadizoak kontatzen ditu 'Kokakola eta barea' ikuskariak. Deustuko Erriberako Pabellon 6en taularatuko dute ostiralean eta larunbatean.

Etxera begira jarrita, euren ibilbidearen hasierako garaietan paratuko dute begirada. Eta garai hartan Ez Dok Amairu taldea sortu zen. Euskal kantagintzaren eta euskal kulturaren historian mugarri izan zen taldea mugimendua. Bada, inor gutxik badaki ere, Ray eta Nik (artean Ramon eta Inazio) han zebiltzan, artista handi haien artean, bileratan, entsaiotan, afaritan… Bai, bai, Mikel Laboa, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Benito Lertxundi eta enparauekin. Edo hala diote behintzat.

Ez da erraza jakiten bi morroi hauek kontatutakoak zenbat duen egitik eta zenbat esajeraziotik edo gezur borobiletik. Artistek handia izaten dute imajinazioa eta asmatzeko ahalmena. Ray eta Niken esanetan han zeuden, hasierako Ez Dok Amairu hartan, proposamenak egiten, aholkuak ematen, abestiak edo letrak ontzen, eta zergatik ez, afaria prestatzen.

Xabier Leteri bizarra uzteko esan zioten (hor hasi omen zen bere karrera arrakastatsua), Benitori ahotsa lakartzeko… Gerora mitiko bihurtu den abesti bat eurek asmatua dela aldarrikatzen dute, baina isilpean gordeko dute plajiatzailearen izena. Momentuz. Munduan bueltaka ibili ondoren euren meritua aitortua izan dadin besterik ez dute nahi eta euskal kantagintzaren benetako historia kontatzera-kantatzera datoz. Ez hori bakarrik. Ez Dok Amairu berpiztera ere bai.

Emanaldiak

Urriak 23 ostirala, 20:00etan, Pabellon 6en
Urriak 24 larunbata, 20:00etan, Pabellon 6en

Zuzendaria: Asier Sota
Testuetarako ideiak: Xabier Etxaniz Rojo
Antzezleak: Ramon Agirre eta Inazio Tolosa

pabellon6.org

 

Bideoa: Arriola Antzokia