ZENetik Front Offera

prestaldizkaria 2017ko ots. 28a, 10:13

Zona Especial Norte (ZEN) musika jaialdia berpiztuko du Deustuko Jai Batzordeak martxoaren 25ean. Sei orduz luzatuko dira kontzertuak Done Petriko frontoiaren ondoko parkean; hortik dator izen berria, Front Off.

Zortzi bat bakarlari, dantza eta musika talde lotuta daude jada. Askoz gehiago izan dira beren burua eskaini dutenak ZEN jaialdi berpiztuan parte hartzeko. Zalantzarik gabe, ekimenak piztu duen gogoaren seinale, eta Deustualdean dagoen musika harrobiaren adierazle. 

Berinbau, Patxadaz, Long John, Los Hijos de Utah, Sökolé, Gudazaleak, Radio Revolucion eta The Momento No dira ziurtatutakoak. Horiek ikusi eta entzuteko aukera izango da sei orduz, 16:00etatik 22:00etara, luzatuko den emanaldian. Gutxi gorabehera, taldeek ordu erdibana izango dute. 

ZEN jaialdirako beren-beregi Deustuko frontoiaren ondoko parkean paratuko dute 4x6 metroko eszenatokia. Jai Batzordeak parketxoan txosna bat ere muntatuko du.   

Auzolanean ari dira antolaketa-lanak egiten. Besteak beste, Iratxe Rubisisterrek egin du kartelaren diseinua, Ander Izekik spota eta Serigraficas del Abrak kamisetak (salgai daude Herrikon eta La Logia tabernan). 

Aurtengoan egun bakarrera mugatuko dira, baina ez dute edozelako eguna hautatu horretarako. Martxoak 25, Deustuko jaietako bigarren larunbata. Ondo bidean, hurrengo urtean asteburu osora zabalduko dituzte kontzertuak. 

Izan ere, parte hartzeko gogotsu dauden musikariak asko dira. Batzuk aipatzearren, Blas Fernandez, Negra Calavera, Undecimo Mandamiento, Mortimer y su Puta Banda. TR. Mistery, Zarzaparrilla, Artaburus, Los Cosmeticos, Diana Lagarto, Los Plomos edota Four Friends. Horiek 2018an lekua gordeta izango dute.