1936ko altxamendu militar faxistari aurre egiteko artisten, idazleen, aktoreen, marrazkilarien eta oro har sortzaileen ekarpena "oso garrantzitsua" izan zen Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataformaren iritziz. "Era berdintsuan izan zen urteetan zehar, bai erbestean baita barne erresistentzian".
1937-2017 urteurrenarekin bat, plataformak eta Pabiloi 6k bat egin dute Oroimena eta kultura izeneko antzerki jardunaldia antolatzeko. Jardunaldietan bi pieza eskainiko dituzte: 43o13’44’’N eta Gernika Garretan. Antzezlan hauek programatzean faxistei aurre egin zieten "sortzaile guzti haiei omenaldi sentitu bat egitea" izan dute helburu.
Sarrera 12 eurokoa izango da ikuskizun baterako eta bietara joanez gero 15 eurokoa.
43o13’44’’N
Olatz Gorrotxategi bilbotarrak zuzendutako formatu txikiko antzezlana da. Frankismo garaian desagertu eta etxera inoiz itzuli ez diren pertsonen bilaketa du ardatz. Antzerki dokumental bezala sailka daiteke datuak, irudiak eta bideoak erabiltzen dituelako. Hiru urte eman ditu lanean Olatz Gorrotxategi Antzerki irakasle, dramaturgo eta aktoreak prestaketan. Olatzek ez du biktima bakarrera mugatu nahi, guztietara iritsi nahi du, eta batik bat gaur egun oraindik desagertuta jarraitzen duten 150.000 lagunengana, lurrazpian jarraitzen dutenengana. Olatzen esanetan, "etxera ekarri behar ditugu gure senideak, ogi-apurrekin bidea erakutsi behar diegu dauden lekutik bueltatzen jakin dezaten".
43o13’44’’N, maiatzak 4, 19:00etan, Pabiloi 6n.
Gernika Garretan
Gernikak oraindik ere piztuta dauka 1937ko apirilaren 26ko bonbaketaren sua. Hori dela eta, Gernika Garretan taldeak orduan gertatuak gogoratzea erabaki du. Aurten, 80. data borobila dela baliatuz, antzezlaneko partaideek pauso bat gehiago eman dute: bonbaketa askotan antzeztu da, baina zer gertatu zen ondoren? Gernika ostean etorri ziren gerren aurrerapena izan zen: exosoa, hilketak, zapalkuntza, lapurretak... Aurten, Gernika Garretan foru hiriaren berreraikuntza erakusten saiatuko da taldea.
Antzerkizale eta boluntario amateurrek osatutako taldea da Gernika Garretan. Herri-antzerkia da, hortaz. Onintza Enbeitak zuzendua. Bertsio murriztua eskainiko dute.
Gernika Garretan, maiatzak 4, 20:00etan, Pabiloi 6n.
Sarrerak
Interneten bidez, erreserba-inprimakia betez: www.pabellon6.org/reservas
Telefonoz, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara +34 639 766 720 (baita whatsappa ere) zenbakira.