Villapellejos, ondo pasatzen duen taldea

prestaldizkaria 2017ko mai. 5a, 08:20

Argazkiak: Vilapellejos – Jokin Agirregoikoa – Ah Vanesa

Talde deustuarrak bere ametsetako bat bete zuen joan den martxoan. Goi mailako areto batean, Bilboko Kafe Antzokian kontzertua eskaini zuen Novedades Carminha taldearen telonero moduan. Aurrera begira amets berri bat daukate betetzeke, udako bira egitea Galizian zehar. 

“Etxegabe”, “inframunduan” egon den taldea da Vilapellejos Santi Ron (Torax) taldeko baxu-jotzaileak barre artean dioenez. Horregatik martxoaren 10ean Kafe Antzokian Novedades Carminha taldea teloneatzen emandako kontzertuak “lehen mailarako” jauzia adierazten du. “Oso, oso ondo” sentitu ziren, “gustura” lehen mailako areto batean. “Ametsa beteta”. Santiren esanetan, “nabari da tablak dauzkagula”. Izan ere, Vilapellejos eskarmentua duen taldea da. “Hor zehar denbora daramagu”. 2008tik egindako ibilbidea da eurena. 

Agertoki garrantzitsua zapaldu ostean ez dute arazorik izan lurrera jaisteko. Villarias kalean eman zuen kontzertua Vilapellejosek apirilaren 22an. “Ondo”, eta aurrera. 

Ez dira sarri elkartzen, batik bat kontzertu bezperetan, seikoteak ez baitu denborarik. Ez dute taldea estutzea nahi, “taldeari gehiegi eskatzea”, ez dadin erre. Hori da neurri egokia. Jakin badakiten arren, kontzertuak eman behar dituztela diskoak saltzeko. “Edo Atxuri tabernara joan eta bertan erosi”. Beti ere, taldearen helburu bakarra ahaztu gabe: “Ondo pasatzeko jotzen dugu”. 

Seikotea dira. Horrela aurkezten dute euren burua: Sophie Pell (ahotsa eta frontwoman), Char-Lee Mito (ahotsa eta frontman), Melena Simone (teklatuak eta ahotsak), Cobos Pellejo (gitarra eta ahotsak), Santi Torax (baxu-jotzailea) eta Mr. Smoky (bateria eta perkusioak). “La CEPA del Deusto” izena ere erabiltzen dute CEP Deusto LHI ikastetxean elkar ezagutu zutelako taldekide gehienek. “Hor dago taldearen hazia”. Badituzte pare bat “atzerritar” ere. Errekalde eta Zorrotzako fitxajeak.

 

Berriena
‘Elogios y Ampollas’ (2016) diskoko 10 abestiak goiz batean grabatu zituzten Bilboko Balea estudioetan, denek batera zuzenean, eta arratsaldean nahastu. Villapellejos taldekideak “oso gustura” egon ziren Unai Mimenza lagunarekin –Mono Recalcitrante bezala ezaguna– soinu teknikari zutela. Egun bakarreko lanak badu azalpena Santi Ron baxu-jotzailearen arabera. “Bestela denbora eta dirua delako, eta guk ez daukagu ez bata ez bestea”. 

Villapellejosen estudioko lehen lana, eta biniloa, da ‘Elogios y Ampollas’. CD formatuan ere kaleratu dituzte zeinbat ale, baina agortu dira dagoeneko. “Agian”, beste argitalpenen bat egingo dute. Aurretik maketa bi atera zituen taldeak, “lagun artean” grabatuak, ‘La era Reagen’ (2002) eta ‘Arde Toulouse’ (2000). 

Soinu “krudela” dute 10 abesti berriek. Talde askoren eraginaren menpe daudela aitortzen dute Villapellejosekoek. “Nahasketaren ondorio” dira. Joera batzuk aipatzearren bota dituzte The Intelligence, Rezillos, B-52 edota Siniestro. Ez dute gustuko mobida-rekin edo Kaka de Luxe taldeekin alderatu izan dituztelako. Konparazioa “izugarria” delako. Tragaperren soinuarekin alderatzea nahiago dute. 

Hitzetan ere “denetarik” aurki daiteke. Batzuk, esaterako, “nahiko politikoak” (Gaviotas eta Cospedal). Txantxa eta umorea dute tresna. “Ondo pasatzen saiatzen gara elkartzen garenean”. Horretarako entsegu lokalean “terapia” egiten dute. 

Aurrera begira, ondo pasatzeko amets berri bat irudikatu dute. “Udako kontzertu bira egitea abuztuan denok batera furgonetan”. Galiziara joatea dute amets, Cangas de Morrazora, bertan “konexioa” dutelako. Furgonetarik ez dutenez, “ez denborarik”, kanpingarekin konformatzeko prest daude, “xumeak garelako”.

 

villapellejos.bandcamp.com

facebook.com/villapellejos