Pregoiaren ardura

prestaldizkaria 2018ko mar. 14a, 11:59

Bihotz Alai taldeko kideak aurtengo inauterietan sukaldari mozorroa jantzita, 1958 urtean egin bezala

Deustuko Bihotz Alai Folklore Dantza Taldeari egokitu zaio bere 60. urteurrenean aurtengo Deustuko jaiei hasiera emango dien pregoia irakurtzea. Taldekideak urduri daude. 

Ostiralean 20:00etan Done Petriko kioskoan Bihotz Alai Folklore Dantza Taldeko lagunak izango dira protagonista nagusi. Egun taldekide diren ahalik eta dantzari gehien elkartzea dute helburu, denentzat lekua egongo ez den arren. Kioskoan sartzen ez direnak behealdean kokatuko dira Jabi Ortega ordezkariaren hitzetan. 

Jai Batzordeak Bihotz Alai taldea hautatu du aurtengo jaietako pregoilari. Ortegaren esanetan, pregoilari izendapena "ohorea" da Bihotz Alairentzat, eta era berean "ardura", "ondo egin behar delako". Erronkaren aurrean, taldekideak "oso urduri" daudela aitortu dio PREST! aldizkariari. Izan ere, "zeozer berezia" egitea nahi dute. Hainbat ideiaren artean, "dantzaren eta bertsoaren uztarketa" gailentzen ari da. Baina ez du gehiegi aurreratzerik nahi, sorpresa izan dadin.  

1958an jaiotako Bihotz Alai "gazte" dago sei hamarkadaren ondoren. Egun, taldean belaunaldi desberdinak elkar bizi dira. Aurrera begira, gainera, ez dute proiekturik falta. Esku artean "proiektu politak" dituztela diote. 

 

Emakumeen aurreskua 

Igandean, hilak 18, Deustuko andreen aurreskua dantzatuko dute Done Petri plazan. Entseguetara emakume "piloa" hurbildu da, "jende berria", Bihotz Alai eta Mikeldi dantza taldeetakoa ez dena, "herriko jendea". Alkatearekin eta Deustuko Udaleko beste ordezkariekin batera Deustun zehar kalejira egin ostean, 13:00 inguruan dantzatuko dute emakumeek aurreskua. 

 

 

#DeustukoJaiak18

[2018-03-12] Hamaika aukera Deustuko jaietan

[2018-03-07] Sorpresa!

[2018-03-05] Hamaika egun falta dira jaiei hasiera emateko