Kastaños

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Bolinaga 2017ko ots. 6a, 12:15
Argazkiak: Trenak Express eta Google

Ibaizabalen eskuineko aldeak altxorra gordetzen du Bilbo hirigunean. Kastaños kalea du bizkarrezur, Funikularraren Plaza, bihotza; haize berria ematen dio Uribarrik, apaindura Campo Volantinek eta liraintasuna Salbaitzale Parrokiaren inguruan dantzan eta kantuan aritzen diren oin eta eztarriek. Bertan bizi naiz ni.

Badira 17 urte Bilbora itzuli ginela, familia kontuak medio eta zergatik ez aitortu? Bilboko burdinera lotuta geundelako, imanak bezala. 90eko hamarkadan hemendik atera ginenean bi baino ez ginen, itzuleran berriz bost kideko familia bihurtuta geunden, eta izaera berriari egokituko zen Bilbo behar genuen aurkitu: argiagoa, lasaiagoa, adiskidetsuagoa, erosoagoa, jatorragoa, euskaldunagoa.  

Bilbotar petoek, “detodalavida” horietako lagunek, erdigune bizi eta kosmopolitara bultzatzen gintuzten: “denetarik duzu eskura”, “eskola onak”, “denda eta taberna erakargarriak, hantxe dituzu”, “giro aparta”... Ibai bazterrak ez ziren inondik inora inoren gomendiotan azaltzen, Ibaizabal (artean, Nerbioi zen ezagutzen genion izen bakarra) hiria bitan zatitzen zuen zauri beltza zen, eta goiko aldekoak beheko auzoei bizkar emanda bizi ziren erabat. Ibaizabal zeharkatzen zuten bi zubi nagusien artean, baina, zuri bat eraiki berria zen, eta bide hark eraman gintuen betiko gurea izango zen etxera.

Eta aitortuko dut ez naizela, ez garela inoiz hartutako bideaz damutu. Izan ere, gure auzoa ez da Bilboko ederrena izango, nahiz eta ibaira ematen duen kale nagusi-senorial horretan hiriko etxalderik dotorenetakoak aurki daitezken. Gure auzoa zenbait bazterretan iluna ere izan daiteke, goitik behera eta alderik alde zeharkatzen dituen kalexkak estuak, meharrak dira asko, ez dago zabalgune argitsu handirik baina koloretsu, alai, jator, euskaldun bihurtzen dute bertan bizi diren arimek. Eskuzabala ere bai.

Eta eskuzabaltasun horren beste eredu bat izango dugu urtero legez inauteri, aratustearen bueltan. Auzoaren itsasgarri modura aritu izan den Salbatzaile dantza taldeak Euskal Herrian diren inauterietara eramango gaitu beste behin. Izan ere, Behe Nafarroan, Iturenen eta Mundaka, Lantz eta Oriako mozorro, musika eta dantzei dagokie aurtengoa. Eta bertan aurkituko gara guztiok, kale estuetan zehar dantzari eta kantari, eta Funiko plazan dastatuko ditugu etxean prestatutako karnabaletako jakiak eta festa luzatuko dugu nahiz eta astelehen bezpera izan, ekainean auzoko jaietan egiten dugun bezala, urte zaharrean egin genuen bezala... eta euskaraz.

Patxi Saezi irakurri berri diot Zu Zeu agerkari digitalean, Ramon Saizarbitoria idazleak esandakoak bilduz, Bilbok euskarari egin diezaiokeen mesedeari buruzko hausnarketa. Bilbo denez Euskal Herriko hiri jendetsuena bertan biltzen garela euskal hiztun gehienak eta, Saizarbitoriaren hitzei helduz, euskarak Bilbon izango duela, izango badu, salbazioa. Horren harira eta hainbat datuez jantzitako artikuluan, Saezek euskarak Bizkaiko hiriburan izan duen garapenaz dihardu Zu Zeu-ko idatzian baieztapen honetara iristeko: "Hiriburuetakoa isildutako euskara dela". Hala izango da, nik ez diot hori ukatuko, baina hona nator ni gure auzoa erreibindikatzera: gero eta ozenago entzuten dela euskara gurean, bestelako ama hizkuntzadun asko egonda ere, euskaraz bizi eta gozatzeko ahalegin nabarmena egiten dutela nire auzokoek. Horren frogarik nahi izatekotan zatozte Kastañosera datorren 19an. Taloa gure kontu!

 

[2017-01-20] Inauteri festa prest dute Kastañosen