Soldata arrakala: kristalezko zapaia, lurzoru itsaskorra eta kuotak

Erabiltzailearen aurpegia Niko Cuenca Beristain 2022ko eka. 24a, 14:00
"Genero-berdintasuna enpresan, lehiakortasun faktorea" solasaldiko partehartzaileak. Argazkia: Irekia

Emakumeek batez beste gizonek baino % 17,9 gutxiago kobratzen dute EAEn eta %23,2 Nafarroan. Zaintza lanak, kristalezko zapaia, genero kuotak... Soldata arrakalaren auzia jorratu dute Bilboko Euskalduna Jauregian hainbat adituk bi egunez.

Soldata arrakalaren datuak eman ditu Espainiako Estatistika Institutuak, 2020ko soldata egituraren inkestan oinarrituta. EAEko emakumeek, batez beste, gizonezkoek baino 5.914 euro gutxiago kobratzen dute (%17,9). Nafarroan aldea are handiagoa da, 7.271 euro (%23,2). 2018ko datuekin alderatuta, badira alde nabariak: 4,7 puntu egin du behera EAEn eta Nafarroan, aldiz, berdin mantendu da. 

XXI. mendean emakumeenganako diskriminazio mota hori izan du ardatz Eusko Jaurlaritzak Bilboko Euskalduna Jauregian egin duen "Soldata-arrakalari buruzko I. kongresuak". Arrakala nola eratzen den aztertu eta hausnartzeko bilgunea izan da eta bere dekonstrukzio prozesurako urratsak eztabaidatu dituzte. Hainbat adituk arrakalaren erronkari heldu diote ikuspegi ezberdinetatik.

Datuek argi erakusten dute genero-arrakala badagoela eta, Idoia Mendia Cueva  lehendakariordeak "haren negazionismoari aurre egin behar zaioIa" nabarmendu du inaugurazio ekitaldian. Carmen Calvo Poyato Espainiako Diputatuen Kongresuko Berdintasun Batzordeko presidenteak Desberdintasunaren kostua izeneko hitzaldia eman du eta bertan salatu du "soldata-arrailak oso kostu handia duela etikaren eta kalitate demokratikoaren ikuspegitik, biztanleriaren erdiaren diskriminazioa dakarrelako". Ikuspegi ekonomikotik ere heldu dio Calvok eta gogora ekarri du Nazio Batuen Erakundearen txosten batek emakumea lan-merkatutik kanpo uztearen kostua kuantifikatu zuela: munduko BPGren % 10eko galera. Arrakala hurrenkera bat dela gogorarazi du Calvok. Lanean hasten denetik erretiratzen den arte arrazoi asko metatzen dira eta, horren ondorioz, emakumeak gutxiago irabazi eta gutxiago kotizatzen du. Horrek erretiroan eragiten du, gizonezkoek baino 340 euro gutxiago kobratuz pentsio bezala, batez beste. 

Nazio Batuen Erakundearen azterlan batek emakumea lan-merkatutik kanpo uztearen kostua kuantifikatu du: munduko BPGren % 10eko galera

Arrakalaren jatorriari erreparatu nahi izan dio Milagros Sainz Ibañez UOCeko Generoa eta IKTak ikertzeko taldeko zuzendariak. Ikasketak hautatzeko orduan dauden joerak nabarmendu ditu eta, besteak beste, familiek estereotipoetan duten eragina aipatu du. Ikuspegi feministarik ez duten irakasleen orientazioak ere gogora ekarri nahi izan ditu. Gaur egun ingeniaritza ikasleen % 26 baino ez dira emakumezkoak eta informatika ikasketen kasuan % 14 baino ez. Txikitatik markatutako joeren ondorioen adibide garbia direla nabarmendu du,

Etorkizunerako itxaropena ekarri du Diego Dueñas Fernández Alcalako Unibertsitateko irakasleak. Izan ere emakumeen adinak aurrera egin ahala arrakala handitu egiten dela nabarmendu du. Hortaz, orain gazteak diren belaunaldiek lan-merkatuan aurrera egin ahala, aldea murriztu egingo da.

Luz Rodriguez Fernandez Gaztela-Mantxako Unibertsitateko katedraduna lanaren etorkizunaz aritu da eta egungo eraldaketa digitalak dituen arriskuez ohartarazi du. Betiko joerak eta arriskuak mantentzen dituela nabarmendu du eta emakumeen kontaketak berdin jarraitzeko arriskua badagoela. Bere esanetan "are atzerago gelditzeko arriskua dago". Beirazko sabaia ere hizpide izan du Rodriguezek. "Gutxiengo batentzako kontzeptua baino ez dela" salatu du. Gehienentzat  "lurzoru itsaskorra da". Horregatik "beste optika batekin begiratu behar da, aniztasunaren optikarekin".

Beirazko sabaia gutxiengo batentzako kontzeptua baino ez da, gehienentzat "lurzoru itsaskorra da".

Soldata-arrakala xehe aztertu du José Ignacio Conde-Ruiz Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Ekonomia Katedradunak. Ekitatearen ikuspegitik arrakala ez-eraginkorra dela nabarmendu du. 30 urtetik beherako emakumeek gizonezkoek baino ikasketa altuagoak dituztela eta hori aginte postuetan ez dela igartzen salatu du. "Arrakalaren jatorrian generoarekiko neutralak ez diren hautaketa prozesuak daude" gaineratu du. Homofiliaz hitz egin du Conde-Ruizek, jendeak norberaren antza dituztenak gustuko izateaz. Gure modukoak direnak hobeto baloratzen ditugu eta hori generoarekin ere gertatzen da. Horren ondorioz genero segregazioa duten lan eremutan emakumeek aukera gutxiago dituzte. Arrakala neurtzean emaitza bikoitza izan beharko lukeela gaineratu du, galdutako talentua aintzat hartzeko. Genero kuoten aldekoa da Conde-Ruiz, aldaketa bizkortzen dutelako, baina aldi baterako neurria izan behar duela ere gaineratu du.

Ainhoa Rivera (Tubacex):  Emakumeak industrian sartzean arrakala 11 puntutan murrizten da

Kongresua ixteko "Genero-berdintasuna enpresan, lehiakortasun faktorea" izenburupean aritu dira hainbat konpainietako ordezkariak. Mercedes Moreno Nieto Iberdrolako ordainketa-sistemen arduraduna, Montse Pardo Bayona Microsoft Ibéricako erakunde-harremanetarako zuzendaria, Patricia Arias Otero Banco Santanderreko EAEko zuzendaria, Shannon Vetes BlaBlaCar konpainiako burua eta Ainhoa Rivera Azcoitia Tubacexeko antolaketa zuzendariak hartu dute parte solasaldian. 

Aniztasuna zentzu zabalean jorratu behar dela nabarmendu du Microsofteko ordezkariak eta horretarako gakoa politika publikoak direla gaineratu du. Bere hitzetan "talentua erakartzea oso garrantzitsua da eta horretan aniztasunak laguntzen du". Horren adibide bere enpresan langileak kontratatzeko orduan azken prozesuan emakumeak egotearen derrigortasuna da. Tubacexekoak, aldiz, sektoreen arteko aldea azpimarratu du. "Altzairugintza eta siderurgia historikoki gizonezkoan alorra dela" gogorarazi du eta hori emakumeak erakartzeko oztopoa dela.

Gaur egun ingeniaritza ikasleen % 26 baino ez dira emakumezkoak eta informatika ikasketen kasuan % 14 baino ez

Arrakalari aurre egiteko neurriei dagokienez, mahai inguruko parte-hartzaileek erabakiak neurtuta egotearen garrantzia azpimarratu dute. Pardoren ustez dena parametroen bidez neurtzeak lana errazten du. "Zaintzetarako baimenak emakumezkoak baino ez dituztenean hartzen, esaterako, neurriak hartzeko alarma gorriak piztu behar dira". Santanderreko ordezkariak, bere aldetik, eraldaketa kulturalaren beharra gaineratu du. Historia luzeko erakundeetan joera asko naturaltzat ematen dira eta "horiek dira aldatu beharrekoak". Horretarako formakuntzaren beharrari ezinbesteko deritzo.

Soldata arrakalri aurre egiteko beste neurria txikitatik jasotako joerak aldatzea da. Haurrak ikasketa teknikoak aukeratzeko presiorik ez izatea eta, esaterko, STEAM ikasketen alde egitea. Hala ere, emakumeak lanbide teknikoagoetara edo industrialagoetara erakartzeko apustuak tarte luzea behar du oraindik, lanbide jakin batzuei buruz duten pertzepzioa aldatu nahi zaien neska horiek lan-merkatuan sartu arte denbora luze falta delako.Tubacexek, esaterako, lantegia duten eskualdetako eskoletara joaten dira neskei enpresa aurkezteko, iritziak aldatzeko. Industria alorreko lanpostuen aldeko hautua gakoa izan daiteke arrakala murrizteko. Ainhoa Riverak adierazi duenez, "emakumeak industrian sartzean arrakala 11 puntutan murrizten da". Iberdrolak badu ildo horrekin bat datorren ekimena Brasilen, "elektrikarien eskola", bertan emakumeak ikasketa teknikoak hautatzeko ahalduntzeko. 

Genero kuotei dagokienez, parte-hartzaileek beharrezkoak ikusten dituzte, betiere aldi baterakoak badira eta bestelako neurri batzuekin uztartzen badira.