1.930ean Emakume Idazleen Literaturia Zarautzen

Erabiltzailearen aurpegia _Galder Unzalu Etxabe 2014ko mai. 28a, 21:54
Gaur hasi da Literaturia Zarautzen. Gustora joateko hitzordu sorta ederra igandea bitarte. Eta parada hartuta, nola ez gogoratu 1.930eko abuztuaren 30ean ospatutako "Lenengo Andereño Idazle Batzarra", ziurrena inoiz euskal literaturaren historian gertatutako emakume idazleen lehen topaketa.

Gaur hasi da Literaturia Zarautzen. Gustora joateko hitzordu sorta ederra igandea bitarte.

Eta parada hartuta, nola ez gogoratu 1.930eko abuztuaren 30ean ospatutako "Lenengo Andereño Idazle Batzarra", ziurrena inoiz euskal literaturaren historian gertatutako emakume idazleen lehen topaketa (hala ote?). "El Dia" egunkariko "Euskal Orrian" noiz behinkako idazle ziren, eta euren lotsa, beldur eta ingurukoen presioen gainetik, plazara talde bezala egin zuten jauzi bertaratu ziren hamaika emakumeek. Bi jauzi erraldoi, euskal idazle eta emakume jauzi.

Agian egun bateko jauzi, agian egunotan ospatuko den Literaturiaraino etorri den sokaren hazi.

Hauek haien izenak: Loiola-Azpeitiako "Bat" eta "Olatx", Zarauzko "D.Z.", Elgoibarko "Bestea", Oiartzungo "Mirentxu", Donostiako "Ira", Arruako "Maria´ren Alaba Bat", Tolosako "Yolanda", Oiartzungo "Pillipa", Elgoibarko "Maitxo" eta Zarauzko "Lau Uxo".

Izenik gabeko zerrenda ("Lau Uxo" Miren Etxabe Aldai zen, eta "Ira" Elvira Zipitria Irastorza). Zenbat ukatutako eta ixildutako literatura emakume hauen gogo, paper eta eskuetan.

Eguneko kronikatik hitz batzuk hemen:

"Euskal irakurleak gero eta asegaitzagoak datozkigu. Jaunari eskerrak, ez dira gaur errietako berri utsakin asetzen. Irakurzaletasuna nun nai nabaritzen degu... Baña irakurgaiak eskatzen dizkigu "Euskal Orria"n. Irakurgai billa natorkizue ba ni onera. Berrilari-atetik sartu zaretenok idazle-oso egin eziñik ez dago. Alakok "mielka" bat izan duela eta alakori amagiñarreba il zaiola idaztea baino zailtxoago izango zaizute noski, bai ordea asmatzen dezutenean atseginago ere. Lanak saria berakin oi du."

Izenik ez, baina argazki dotorea bai geratu zaigula euskal idazle lez plazara atera ziren emakume bidegile eta ausart haien lekuko. Getaria bidean, Ailla Punta izeneko parajean ateratako uda bukaerako posado dotorea. Posado kontuetan, horretan ere garaikide.