Baratzetik auzora

Erabiltzailearen aurpegia Hegoi Belategi 2017ko ots. 24a, 14:10

Aurreko batean hiri nekazaritzaz aritu nintzen sail honetan, ortuez eta agroekologiaz. Baten batek pentsatuko zuen "ados, ideia polita da, baina nondik aterako dut nik denbora?" arrazoia dute. Elikadura burujabetasuna lortzeko, ezinbesteko pausoa da hiri nekazaritza eta duen balio hezitzaileagatik sustatu beharreko jarduera. Baina errealitatea zera da; denboraz gain gutxik dituzte lurrak eta baliabideak landatzen hasteko. Baina Bilbon bertan badira beste modu batean kontsumitzea ahalbidetzen duten guneak: Kontsumo taldeak alegia.

Argazkian barazki saskiak eta beste hainbat jaki banatzeko prest. Kideekop elkartearen eskutik.

Elkarte eta kooperatiba hauen funtsa sinplea da, kalitatezko produktuak eskaintzea, bertakoak eta nekazariekiko harreman zuzena izatea. Ingurumenaz arduratzen den ekoizpen eta kontsumo modeloa alegia. Hala ere, beste balore batzuk bultzatzen dituzte kontsumo taldeek, ekoizleekiko harreman zuzena edota elkarlana.

Kontsumo taldeak Euskal Herri osoan areagotu dira azken urteotan, baita Bilbon ere. Talde bakoitzak lan egiteko modu propioa dauka, baina denek sustatzen dute agroekologia eta kontsumo jasangarria. Oinarri honi jarraituz jaio zen, Bilboko Urazurrutia kalean dagoen Kidekoop taldea. 2013an sortuta, talde honetako bazkideek kontsumo arduratsuaren kontzeptua hiriko bizimodura ezin hobe moldatu dute. Bazkide; argi uzten baitute bertakoak ez direla ez bezeroak, ezta saltzaileak ere. Auzoan elikadura arduratsurako aukera ezean, herri ekimenez sortu zen elkarte hau, Bilbo Zaharra, Zabala eta Atxuriko hainbat lagun bilduz. Gaur egun Alde Zaharra, Miribilla eta Santutxuko bazkideak dituzte ere.

Edozeinek du bazkide izateko aukera, erabakiak asanbladen bitartez hartzen dira eta zereginak batzordetan banatzen dira. Baina batez ere gardenak dira, elikagai ororen istorio guzia jakin dezakete bazkideek, nondik datorren, nork ekoiztu duen eta nola. Produktuen %50 inguru Bizkaiatik dator, Zeberio eta Ugaotik ekarritako barazki freskoak eta esnekiak besteak beste. Araba eta Nafarroatik lekaleak, patatak eta bertako gariarekin ekoiztutako pasta ekologikoa. Gipuzkoak egiten duen ekarpena bestelakoa da, kosmetika naturaleko produktuak alegia, ohiko industria kosmetikoak inpaktu handia baitu naturan eta maiz animaliekin probatzen dituzte. Espainiar Estatutik datorrena gurean topatzen ez diren jakiak dira, laranjak adibidez, betiere beste kooperatiba batzuei eskatuak. Azkenik portzentaje txiki bat, atzerritik ekarritako bidezko merkataritzako produktuak dira. Baina Kidekoopen arrakastaren gakoa beste bat izan daiteke; eskatzeko modua. Erraza eta erosoa da, inor behartuko ez duena. Bazkide orok webgunetik egin dezake eskaria ostegunetik igandera eta astearte arratsaldetan jaso. Eskaria gainera askea da, edonor nahi bezain beste eskatu dezake eta nahi duenean, hau da, ez da zertan astero eskatu behar.

Elikagai agroekologikoei garesti izatea egozten zaie, baina produktuaren balioan pentsatzea ahazten dugu sarritan, atzean dagoen lana. Kidekoopen bost euroren truk barazki saski bat eskuratu dezakegu, hamar eurorengatik elikagai sorta bat. Hamar euro azkar asko doaz supermerkatuan, are eta bizkorrago “poteoan”. Balorazio kontua da azken finean. Nekazariek ez dute dirutza egingo eta bazkideek ez dute asko aurreztuko, baina bitartekariak ez dira aberastuko behintzat.

Egia da gizarte ereduak ez duela batere laguntzen, baina zailtasunak zailtasun, geroz eta jende gehiagok du interesa elikaduran eta elikagaiak ekoizteko moduan. Sarritan aski da supermerkatuei alternatiba bat ezartzearekin, Kidekoop 2013an sortu zutenean, 20 bazkide ziren, gaur egun 90 baino gehiago dira. Eta ez dira bakarrak, kontsumo taldeek gora egin baitute Bilbon, Bizkaian eta Euskal Herria osoan. Sare bat eratzea bezalakoa da, ertz batean nekazari konprometituak daude, bestean kontsumo taldeak, auzoa da kala eta auzotarrak dira harrapatu behar direnak.