Aire garbia denon eskubidea da, autoen kea denon ardura

Erabiltzailearen aurpegia Hegoi Belategi 2017ko eka. 23a, 13:30
Autoilara Bilboko sarreran. Argazkia 'Deia' egunkaria

Duela pare bat aste, Alfonso Gil Bilboko Mugikortasun zinegotziak jakitera eman zuenez, Udala hirian bidesaria jartzekotan da, airearen kalitatea hobetzeko asmoz. Albistea ezustekoz hartu zuten askok, batzuk gaizki eta beste batzuk ilusioz. 

Aurreko astean ordea, Aburto alkateak neurria hura gezurtatu zuen, bidesariak baino lehen beste ekintza batzuk egin behar direla argudiatuz. Ezustekoak berriz ere, baina oraingoan paperak aldatuz. Ordutik analisi ekonomikoak egin dira baita politikoak ere. Ekonomikoak, hiritar askok uste dutelako dirua lortzeko beste modu bat baino ez dela. Politikoak, hainbat mediok PNV eta PSEren arteko botere gatazka aurreikusi dutelako. Logikaren ikuspegia falta da; Bilboko airearen kalitatea hobetzea eta orokorrean kutsadura murriztea ardura kontua da. 

200.000 auto sartzen dira egunero Bilbon, gehienak goizeko 7ak eta 9ak bitarte, eta horien %80k gidaria baino ez dute barnean. Errepideak pilatzeaz gain CO2 pila isurtzen dute auto hauek. Hauek dira, Gilek emandako arrazoiak bidesarien neurria proposatzeko. Ez dago oso argi, nola lortu dituzten datu horiek, ezta nola kokatuko diren delako bidesariak; matrikulak irakurtzeko tresna aipatu dute baina orokorrean, Gilen planak zalantza asko sortzen ditu. Hala ere, jende askoren garraio ohiturak aldatu behar direla argi dago, eta hori txalotzekoa da. Gaur egun, aitzakia gutxi daude, bereziki Bilbo Handian, autoa lehenesteko garraio gisa. Autobusez, trenez edo metroz edonora iritsi daiteke, maiz autoz baino bizkorrago. Hortaz jendearen erosotasuna da arrazoi nagusia autoa erabiltzeko; batzuen erosotasuna ordea, besteen kutsadura eta zalaparta da.

Polemika ere piztu du, etekinak kudeatzeko proposamenak. Hasteko Bilbotarrek ez dute ordaindu beharko, soilik kanpotik datorren jendea, berdin dio Bartzelonako turista izan ala Barakaldoko langilea. Etekinak Bilboko garraio publikoan inbertituko luketela aipatu du mugikortasun zinegotziak, berriz ere aipatu gabe nola edo non, bus elektrikoetan izango ote den, auzo garaien baldintzak hobetuz… gainera, etekinen parte handi bat bizkaitarrek ordainduko lukete. Beraz, Bizkaia osoan inbertitzea litzateke zentzuzkoena, diskriminazio neurri bihurtu ez dadin. Aldebakartasuna ere kritikatu behar zaio plan honi; Alfonso Gilek aho bete hortz dio prozesu partehartzailea izango, kontutan izanda prentsaurrekoa bere kabuz deitu zuela, gobernukideei abisua luzatu gabe, bitxia da gizon honen pluralitate kontzeptua. Aurrerago mugikortasun arloko agenteak, alderdi politikoak eta udal gobernuak aipatu zituen. Atera dadila kalera eta galdetu dezala ea jendea identifikatuta sentitzen den talde horiekin.

Garatu gabeko plana da eta agerikoa da PSEri izen ona emateko estrategia dela, airearen kalitatearen gainetik. Ezin dira kolpez hiritar guztiak zaku berean sartu, neurri progresiboa behar du izan goitik hasita. Adibidez, langile ugari autoarekin datoz lanera sinpleki enpresak aparkalekua eskaintzen dielako. Has daitezela hortik, tasa ekonomikoak eta oztopoak ezarriz. Auto zaharrenak dira gehien kutsatzen dutenak, logikoa litzateke horiei tasa altuagoak ezartzea. Bilbo gainera asfalto sare batez inguratutako hiria da. Jendeak autoa gutxiago erabiltzea nahi badute, ez ditzatela etengabe errepideak eraiki.

Dena delakoa batzuetan pragmatikoa izan beharra dago. Gabeziez jositako plana bada ere, denon ongizatearen alde egingo du, hortaz harrera ona eman behar zaie horrelako neurriei.

 

Eskubideak ala ardurak?

Bidesarien proposamenak, nolabait, Gipuzkoako atez-atekoaren polemika dakar burura. Ordukoa ere Udaletatik bultzatutako politika izan zen, maiz herriaren gehiengoaren kontra. Arrazoi batzuengatik ala besteengatik, Bilduk herri askoetan alkatetza galdu zuen, nahiz eta gaikako bilketa arrakasta hutsa izan. Pasaiako Antxo barrutian adibidez, birziklatzen tasa %13tik %90 ingurura igaro zen lehen hiletan. Hala ere, hurrengo hauteskundeetan PSEk irabazi zituen proposamen bakarrarekin, kontainerrak berrezartzea, hori baitzen populazioaren eskubidea. Bidesarien inguruan galdetzerakoan, askok Udalaren konspirazio makiavelikoa ikusten dute haien dirua lapurtzeko. Autoa erabiltzen dute egunero, haien eskubidea delako.

Diskurtso hura antzua da, zaborraren kudeaketa eta autoaren kutsadurak ez baitira eskubideak, ardurak baizik. Kontsumitutako produktuen zaborrak, gizarte osoari kalte egiten dio, baita autoak botatako kea ere. Hori dela eta, ardurak dira. Gaur egungo gizartean ordea, gizabanakoaren kontsumorako eskubidea denon ongizateari gailentzen zaio. Hau da, esparru pribatua publikoari gailentzen zaio; bizi garen gizarte kapitalistaren oroigarri tristea da.