8 puntutan: bertso egun betea Hego Uriben

Erabiltzailearen aurpegia Potojorran. Bilboko Bertso Eskola 2016ko mar. 7a, 07:00

8 puntutan bertso ekimena burutu zen Bilbon martxoaren 5ean. Aurreko urteetako txapelketa eredua aldatuz, Hego Uribeko bertso lagunek egun osoko txapelketa herrikoia ospatu zuten, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen babesaz eta Arkatitz Estiballes gidari zutela.

17 lagunek parte hartu zuten kantuan, Kalderapekon goizez hasi, Kafe Antzokian bazkari eta ostean jarraitu eta 7 Katu gaztetxean amaitu zen ekitaldian. Joseba Barandiaranek eraman zuen txapel handiena, baina txikiagoak ere izan ziren, finalera heldu eta seikoa osatu zutenentzat: Oihana Bartra, Txaber Ormazabal, Irati Erkizia, Axier Goñi eta Iker Garita.

Hego Uribekoa, ohiko bertso txapelketa baino, bertso egunpasa izan zen martxoak 5ekoa.

Lehen helburua, Santutxu, Elorri, Potojorran, Arrigorriaga nahiz Galdakao-Basauriko 17 lagun elkarturik, eskualdeko bertso-eskolak harremanetan jarri eta elkar ezagutza bultzatzea, ederto bete zen. Arkaitz Estiballes arduratu zen gaiak jarri eta emateaz eta epaile lanak ere bertso-eskoletako lagunek burutu zituzten.

Bigarren asmoa, bertsoa Bilboko kaleetara plazaratzea, euriak utzi zuen heinean bete zen. Publiko handirik izan ez bazen ere, Kalderapekoren aterpeko saioak eskaparatean jarri zuen Bilbon bertsoa izan badela.

Egun osoko jardunak, hiru geltoki izan zituen: Kalderapekon goizez (17 lagun kantuan), Kafe Antzokian bazkalostean (10 lagun) eta gau partean 7 Katu gaztetxean (6 lagun). Trikitixa eta panderoa lagun, giro ederrean joan zen eguna.

Azken saioan, Potojorraneko Joseba Barandiaranek jaso zuen txapel handiena. Txapel txikiagoak ere izan ziren: Oihana Bartra eta Irati Erkizia santutxuarrak inor baino erregularrago jardun ziren; Iker Garitagoitia arrigorriagarrarentzat (ezker krotxeta erakusteaz gain, Uribarrenekin batera publikoaren saria merezi izan zuen); Potojorraneko Axier Goñirentzat izan zen bizkaiera onenaren saria eta Txaber Ormazabal filosofoak ere jaso zuen berea, apokalipsiaren tronpetari nagusi gisa.

Oro har, gorputzaldi ona eta aurrera begira bide horri eusteko asmoa.