Herri memoria sortu behar dugu, memoria garelako

Gernikaren bonbardeaketaren 80. urteurrena dela eta, Adaxka kultur elkarteak gure aletxoa jarri nahi izan dugu, uste dugulako historia zerbait bizia dela eta oroimena ezin dugula galdu, iraganean gertatutakoa berriz ere errepika ez dadin. Horregatik ekaina, 'Oroimenaren hilabetea' bihurtzea erabaki genuen, ekimen desberdinak eginez.

Larrabetzu herrian, maiatza eta ekaina osoan Burdin Hesiaren inguruan, ekimen desberdinak egiten ari dira: hitzaldiak, erakusketak, mahai inguruak... Eta ekainaren 10ean zehazki, ibilaldi bat antolatu dute burdin hesia ezagutzeko. Ibilbidean zehar, garaiko historia eta 'lubaki biziak' errekreazioa egingo dute. Hau ikusirik, Adaxkatik ekainaren 10erako Larrabetzura irteera antolatu dugu, burdin hesiaren historia bertatik bertara ezagutzeko. 

Horrez gain, ekainaren 14an 19:30ean Gernikaren Egiak liburuaren aurkezpena antolatu dugu GITE IPESen eskutik eta hitzaldia Karmelo Landaren eskutik.

Gernikaren Egiak liburuan 1987. urtean mundu mailan ziren historialariak Gernikan bildu zireneko hitzaldiaren transkripzioa topatu dezakegu euskaratua. Hitzaldi horretan Herbert Southworth historialari ospetsua egon zen eta Karmelo Landa bera izan zen antolatzaileetariko bat. GITE-IPESek liburu honekin 1937an Gernikan gertatukoa gaurkotu eta hausnarketa kolektiborako lanabesa plazaratu nahi du liburu honekin. Ez hemen ez inon, Gernika gehiagorik ez egoteko.

Bukatzeko, ekainean zehar Legion Condorrek eragindako Gernikaren suntsipenaren erakusketa izango dugu tabernan, BASKale elkartearen eskutik, 36/37ko gerran nazien bidegabekeria iragana eta oraina izenburupean.

Argi daukagu historia bizia izan behar dela eta oroimena landu behar dugula. Herri memoria sortu behar dugulako, memoria garelako.