Bizkaiak inoizko turista kopururik handiena hartu dau

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko ira. 2a, 07:00

2015eko lehen zazpi hileotako datuak ikusita, aurten orain arteko historia osoko turista-kopururik handiena hartu dau Bizkaiak. Danetara, 675.347 lagun etorri dira orain arte bisitan gure lurraldera eta igaz epe berean etorritakoak 617.823 izan ziran (aurten, ia 50.000 persona gehiago).

Bizkaiak bere historian lehen aldiz lortu dau nazinoartetik eta Estadutik etorritako turista kopuruen arteko parekotasuna. Garagarrila oso hile ona izan da Bizkaiko turismo sektorearentzat, lurralde honek Euskadiko Autonomi Erkidegoko bisitari guztietatik % 47,2 jaso dauelako, eta holan euskal turismoaren ardatz nagusi legez finkatu da.

Gainera, aurtengo lehen zazpi hileotan izandako gehikuntzei esker, Bizkaiko turismoaren historiako bisitari kopururik altuena eta bisitari horreek gure lurraldean gitxienez gau bat egin dabenen kopururik altuena lortu dira (2014ko datuakaz konparauta, aurtengo urtarriletik garagarrilera bitartean, bisitarien kopurua % 9,31 hazi da, sarrerei jagokenez, eta % 8,6 gure lurraldean gitxienez gau bat emon daben bisitarien kopuruari jagokonez).

Kopuruen igoera nabarmen horren oinarrian nazinoarte mailatik etorritako bisitarien gehikuntza ikusgarria dago. Aurtengo garagarrilean igaz baino % 27,5 bisitari gehiago jaso doguz mundu zabaletik. Lehen aldiz lortu da ia bardintzea gure lurraldera atzerritik etorritako bisitarien kopurua (% 48,8) eta estadutik etorritakoena (% 51,2).

Antzeko joerea erakutsi dabe gure lurraldean gitxienez gau bat emon daben bisitarien kopuruek, nazinoarte mailatik etorritakoen artean % 48 lortu baita eta % 52 estadutik etorritakoen artean.

Garagarrileko merkatu igorle nagusiak honako honeek izan dira: Frantzia, Erresuma Batua, AEB eta Alemania (kopuru osoaren % 51,9). 2014ko garagarriletik aurtengora igoera nabarmena izan dau, baita be, Finlandia, Suitza, Herbehereak eta Japoniatik etorritako bisitarien kopuruak.

Aitatutako emoitzek erakusten dabe indartu egin behar dala azken urteotan nazinoarte mailako merkatuetatik etorritako turista kopuru handiagoak erakarrri, dibersifikau eta finkatzeko abiarazotako estrategia. Bizkaiko batez besteko egonaldiaren iraupenak 2014ko garagarrilean izandakoari eusten deutso, hau da, batez besteko 1,95 egun.

Asier Alea Bizkaiko Foru Aldundiko Kanpo Sustapenerako eta Turismorako zuzendariak nabarmendu dauenez, 2015eko lehen zazpi hileotako emoitza ikusgarri horreek iragarten dabe seguruen aurten Bizkaiak orain arteko errekorra gaindituko dauela turismoaren arloan. Gainera azpimarratu dau agente pribatu eta publikoen arteko lankidetzea, hau da, Bizkaiko turismoaren arloko eragile eta operadore edo antolatzaileen arteko lana eta Bilbo-Bizkaia estrategia dirala sektorearen egungo bilakaerea azaltzen daben gakoetako batzuk.

Amaitzeko, Asier Aleak jakinarazo nahi izan dau sektore osoak azken urteotan egindako lana eta ahaleginak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzea eta hurrekotasuna ezinbestekoak dirala etorkizunean bide beretik jarraitzeko.

Osorik irakurri