Txomin Betolaza, abertzaletasunari bertsotan

Berriro ere hartu dugu Txomin Betolaza Begoñako bertsolaria hizpide. Iazko azaroko BERTONen eta Uriolan haren berri eman genuen. Orain, jakingarri berriak dakartzagu, batez ere politikagintzari lotuta. Abertzalea izan zen Betolaza, eta sarritan kantatu zuen mitin eta ekitaldi politikoetan. Begoñan be bai. Eta aurreko BERTONeko Maria Aizpuru bezalaxe, ha be salatu egin zuten Gora Euskadi askatuta! deiadarra egin izanagatik.

 Euzkadi egunkariko azala 1931ko ekainaren 23an. Egun hartan ere Betolazak kantatu zuen.

 

Txomin Betolaza XX. mendeko lehenengo herenean ibili zen bertsolari, gehienbat Bizkaia aldean. Azaroko BERTONen eta Uriolan azaldu genuen bezala, 1909 eta 1931 bitartean aurkitu dugu haren bertso jardunaren arrastoa. Segurutik lehenago be egingo zuen bertsotan jendaurrean, 1909an hogeita hamar urteko gizona zen eta. EAJren ekitaldi eta jai politikoetan aritu zen (1909an Urkiolan, 1910ean Lezaman, 1915ean Deustuan...) baita garai hartako bertsolaritza txapelketa eta deialdi garrantzitsuenetan (Eibarren eta Gernikan 1922an, Bizkaiko txapelketetan 1929 eta 1930ean...) eta are Begoñan bertan be, Santutxu futbol taldearen urteroko bazkarian esate baterako (1928 eta 1929).

Oraingoan ekitaldi politikoetako jakingarri gehiago emango dugu. Guztiak daude abertzaletasunari lotuta. 1909 eta 1915 bitarteko jaialdi politikoez gain gehiago izan ziren. 1917ko irailaren 30ean Getxon jeltzaleek jai handia egin zuten: dantzariak, meza, bazkaria, erromeria, mitina eta... bertsolariak. Honela kontatu zuten Euzkadi egunkarian: “Elduaz batera asi ziran Larrabeiti (Eustaki eulea), Enbeita ta Betolatza'tar olerkariak itz-neurtuak abesten. Ederto egin eben irurak. Enbeita'tarrak batez be. Aren etorria, mutillak! Bitartian egin eban itzaldi luze ederra Gurutzeta'tar Domekak, azkena emonik neurtizlariak”. Hura ez zen nolanahiko kartela: Loiuko Eustakio Larrabeiti Eulea, Begoñako Txomin Betolaza eta Muxikako Kepa Enbeita Urretxindorra. Eta mitinean hizlari, izatez aramaioarra izan arren Begoñan bizi zen Txomin Guruzeta.

Urte bi geroago, 1919ko urriaren 5ean, Begoñako Euzko Gaztediaren lokal berria ireki zuten. Aurreko BERTONen (eta Uriolan) azaldu genuen bezala, Begoñako presoak omentzeko erabili zuten jeltzaleek ekitaldi hura, bereziki Maria Aizpuru, espetxeratutako lehenengo emakume abertzalea. Ekitaldi hartan, euskaraz Txomin Guruzetak egin zuen berba. Eta bertsotan, Txomin Betolazak. Atzera be, Euzkadi egunkariko kronika: “Y apareció el simpático Txomin de Betolaza, el cual, con sus chispeantes y patrióticas improvisaciones enardeció y entusiasmó a la concurrencia, que le aplaudió delirantemente”.

 

Auzipetu eta libre

Gora Euskadi askatuta! oihukatu zuelako auzipetu eta espetxeratu zuten Maria Aizpuru 1919an. Txomin Betolazarekin beste horrenbeste egin zuten. Izan ere, 1921eko urriaren 4ko Euzkadi egunkarian Kirikiñok argitaratu zuenez, “Betolaza'tar Domekak Gernikan Gora Euzkadi azkatuta esan ebalako epaipian ipiñi eben eta atzo ikusi zan emengo auzitetxian bere auzija, ta erri-epaikarijak (juraduak) esan eben a gixona etzala errudun orregaitik eta azke itzi eben”.

Ez dakigu begoñarrak noiz egin zuen aldarri hura, baina baliteke ekitaldi politiko horietako batean egin izana. Betolaza zoriondu ostean, Kirikiñok aholku zuhurra eman zuen: “Eta danok esan daigun Betolazaren didarra geure egiñenakaz, geure abuari galgia ezarrita. Ixilik ibilli ta... egin. Oixe da didarrik okerrena arerijuentzat”.

Aurkitu dugun azken lekukotza 1931ko ekainekoa da. Hilaren 21ean Begoñako gazte jeltzaleek lokala zabaldu zuten berriro, 1919an ireki zuten berbera. Baserritarren sindikatuaren ondoan zegoen, Zabalbiden, eta Primo de Rivera jeneralaren diktaduraren aginduz itxita egon zen zortzi urtez. Bigarren inaugurazio egun hartan dantzariak, txistulariak, Zeanuriko albokari txikiak, bazkaria, hizlariak eta bertsoak izan ziren, besteak beste. Hamabi urte lehenago bezala, bertsolari Txomin Betolazak jardun zuen. Lehenengo, lokalean bertan egindako bazkarian. Eta arratsaldean, mitinean, plaza bete jenderen aurrean (herriko plazan). Txalo zaparrada itzelak eskuratu zituen, Euzkadi egunkariko kronikaren arabera. La Tarde egunkariak, ostera, honela kontatu zuen: “Improvisó unos versos muy afortunadamente el veterano Chomin de Betolaza, que obtuvo un ruidoso triunfo”.

Egun hartan hiru izan ziren jendaurrean euskaraz egin zuten jeltzaleak: Txomin Guruzeta, Tomas Agirre eta Eibarko Juan Gaztelu.