Inposizioei aurre egiteko deiak

Erabiltzailearen aurpegia Ikoitz Arrese 2017ko api. 27a, 15:57

Hezkuntza Plataformen Topaguneak maiatzaren 5ean 'planto' egiteko mobilizaziorako deialdia egin du. Ikasle Abertzaleek ere DBH 4. mailako errebalidaren kontrako dinamika jarri dute martxan. LOMCEk inposatu nahi dituen azterketen gaiaren inguruan azken asteetan asko hitz egin ez bada ere, berriz piztu da errebaliden kontrako mugimendua.

EAEko zein Nafarroako Hezkuntza sailak LOMCE aplikatzen ari dira. Heziberri deitu edo LOMCE izena mantendu, PPren hezkuntza legea gure ikastetxeetan sartuta dago. Ez naiz honetan luzatuko argudioetaz gain ikastetxeen egunerokoak hauxe bera baieztatzen baitugute.

Egia da, LOMCEren azterketen gaia nahiko "lasai" dagoela. Ikastetxeetan zein kalean dagoen sentsazioa lasaitasunarena da, izan ere, oso ondo egin dute Hezkuntza sailek beraien lana: informaziorik zabaldu ez, eta zerbait esan dutenean erabat kontrajarria. Sinistu arazi nahi digute gure ikastetxeetan egingo diren LHko 3 eta 6. mailako zein DBHko 4. mailako azterketa berria ez direla LOMCEren araberakoak.

Cristina Uriarteren helburua, aurten ere, ikasleak, familiak eta langileak nahastea izan da. Informazioa, oraindik orain, ukatuz, planto dinamika eten nahi izan du. Mobilizazio oro baretu nahi dute.

Baina sektore ezberdinak mobilizatzeari ekin diote berriz. Maiatzaren 5ean Hezkuntza Plataformen Topaguneak egindako lehenengo deialdia dugu. Maila lokalean mobilizatzeko deia egin du HPTk.

Ikasleek ere, DHB 4ko etapa amaierako errebalidari begira, desobedientzia ekimenak egingo dituzte. Hori dela eta, Ikasle Abertzaleek planto egiteko konpromisoa hartu dute.

Otzan nahi dute Gobernuek hezkuntza komunitatea, baina argi geldituko da aurten ere ez dugula inongo inposiziorik onartuko eta azterketa hauei planto egingo diegula.