Gargantua eta txupinerak

Gargantua, ia betidanik Bilboko ikur estimatua izan arren, ukaezina da tripazain handi bat, besterik ez, dela.

Hor da irudi berdintsua, Olentzerorena, eta zoaz umeei galdetzen ea maite duten edo ez. Haur txikiak ez dira hain pozik joaten Gargantuarengana. Jakina danez, bizirik eta oso osorik irensten dituelako. Baina, esana, tripazain galanta bilbotar edo Aste Nagusira datozenek txiki gunera hurbilduz gero, irentsiko dituen panpina erraldoia.

Zertara ote nator Eguen Nagusi honetan Gargantuaren aipamena egitera. Egitaraua begiratuz, mila kontzertu eta ekintzaren aurretik jan edana delako nagusi nonahi. Areatzako parketik igarotzen den edonork bakailaoa, era edo mota guztietara, ikusteko aukera izango du, usainduz soilik bazkalduta joateko bestean. Ez dira joango, bai koadrila ia profesionalak edo Konpartsakide mordo bat horretan ari direlako gero bazkari edarrak egiteko Areatzan bertan. Jakina aste osoan gastronomiak toki handia duela, baina bakailaoak indar bereizia izan du eta du Bilbao eta Bizkaian. Itsas Adarrean husten zutelako Ternuatik zekarten bakailaoa, berton bereiziko gazitu eta Espainian zehar banatzeko.

Bakailoaren egun honetan ere, Bilboko neska eta mutil helduenak jasoko dute, Udal, konpartsa de besteen omena. Esperantza kaleko frontoian bazkari ikusgarria izando dute eta geroko kanta dantzekin bukatuko da haien eguna. Paella, bakailaoa eta pastela izango dute mahaian, frontoi zaharra agurtzearekin batera. Jakina da eraistekoak direla, baina pare bat urte barru berreraikitzeko asmoarekin.

Beste talde ospetsu batek ere bere eguna du Eguen Nagusi honetan. Urte oro bezala, jaka gorri, gona beltz eta txapel dotorez, Aste Nagusiak izan dituen eta bizi diren txupinera guztiak poteo berezia egingo dute eta, urte oro bezala honetan ere, iazko txupineraren txosnan bazkari oparo bat egongo da, Jone Artolaren Txori Barroten, hain zuzen. Bejodeizuela! tripazain horiek ere.