Abandonatuta dagoen espazioari bizitza emateko proiektu herritarra

Erabiltzailearen aurpegia KARMELA 2016ko urt. 23a, 13:00

KRML Bizirik egitasmoaren helburu nagusia honakoa da: proiektu herritar bat eratzea, bi urtez abandonatuta dagoen espazio honi bizitza emateko. 

Bilboko pertsonen beharrak asetzeko espazio alternatiboak sortu behar ditugulako uste sendoa dugu. Orain eta hemen behar argi bat dago: auzoak eta auzoarentzat kudeatutako espazio herritar berriak zabaltzea, kultura, aisialdi, ekonomia, formazio eta harreman sozialen beharrei erantzungo dietenak, modu autogestionatu, horizontal eta solidarioan.  

KRML proiektu plurala eta zabala da guretzat, adin, sexu eta jatorri ezberdinetako pertsonak batuko dituena. Ahalik eta prozesu zabalena zabaldu nahi izan dugu hasieratik, espazio honentzako proiektua eraikitzeko. Horretarako, azarotik zonaldeko eta Bilboko 60 eragile baino gehiagorekin bildu gara, eta gai horri buruzko hausnarketa egiteko espazio eta momentu desberdinak zabaldu ditugu:  

- Azaroak 14: patioaren okupazioa eta antzeko esperientziak partekatzea. 

- Abenduak 12: lehenengo asanblada proiektua zertarako den eta filosofia eta funtzionatzeko modua zein den definitzeko. 

- Gaur: azken hilabeteetako lan-lerroei erantzuten ari gara. 

Horrela, astero 30 bat pertsonak eta zenbait batzordek proiektuaren egunerokoa kudeatzen dute.  

Auzolana izan da espazioa berrizteko, garbitzeko eta atontzeko tresna. Honezkero martxan daude ludoteka, liburutegia, frontoia eta aldagelen erabilera eta jantokiaren inguruan sortutako espazioa.  

Udalak eskatuta, aste honetan elkarrizketak izan ditugu udaleko arduradunekin. Ondorioa argia izan da: bi aldeek borondatea izanez gero gure proiektua aurrera atera daiteke. Mahai gainean hainbat adibide jarri ziren, besteak beste, Iruñeako udalak utzi berri dituen lokalak eta Gernikako Astra.   

Bilbo solidario, parte hartzaile eta sozialagoan sinesten dugun eragileon indarrak batzeko unea da hau. Dei egiten dizuegu adin, sexu, jatorri eta interes guztietako pertsonei, modu ezberdinetan espazio herritar honi ekarpena egitera.   

Orain da garaia!! KRML bizirik, date vida, dale vida!