BBK-ko batzarra: Ezezko botoa ematea guztiz legala eta zilegia da

www.presspeople.com
Aurreko ostiralean iragarri genuen moduan, ELA eta LABeko batzarkideek ekainaren 30ean izango den Batzar Orokorreko gai-ordenetik IX puntua kentzeko eskatu zioten BBK-ko Administrazio Kontseiluari. Erakundeko zuzendaritzak oraingoz ez dio eskariari erantzunik eman.

Aurreratu genuenez, ELAk eta LABek hainbat txosten juridiko aztertu dugu BBKren erabakiari buruz, hots, batzarrari Fundazio bihurtu eta Patronatua eratzeko proposamena bozkaraztea, eta horrekin lotuta zihoan mehatxuaz, aldeko botoa ematen ez dutenentzako zigorrak ezartzea. Azterketaren ondorioak hauek dira:

1. Erabat legala eta zilegia da ezezko botoa ematea edo abstenitzea Administrazio Kontseiluak bozkaarazi nahi duen proposamen itxia dela eta, eta hala jokatzeak ezin du inolako zigorrik ekarri.

2. Zigor mehatxua, erabili diren hitzak medio, lausoa izan arren, ziur gaude bere asmoa dela batzarkideei presio eta xantaia eragitea eta botoa ematerakoan demokrazian modu onartezinean baldintzatzea.

3. Batzarrak kautelaz bertan behera uzteko demanda sartzeak -zeina merkataritza-jurisdikzioan ebatzi beharko litzatekeen-, fidantza handi bat ezartzea ekar lezake.

4. Edonola ere, batzarra egin ondoren edozein demanda sartzeko aukera legoke, hala deialdi prozesuari buruz, nola har daitezkeen erabakien inguruan.

Argudio hauek guztiak aintzat hartuta, ELA eta LAB lehengo ondorio berera iritsi dira, deialdi honek dituen defizit demokratikoei dagokienez; berresten dute Fundazioa eta Patronatua eratzeko erabakiaren zergatia Kutxabank pribatizatzea dela; erabaki horrek kalte sozial itzela eragingo duela, eta ondorioz, BBK banku-fundazio bihurtzearen aurkako botoa emango dutela.