Deustun, 2017ko azaroaren 27an.

 

Eguneroko maitea:

Azaroaren 25a heldu baino egun batzuk lehenago, nahi eta nahiez begirada batzuk gurera jartzen dira, Deustuko Gazte Talde Feminista bezala zer egingo dugun kuxkuzeatzeko.

Batzuenak jakin-nahiaz, besteenak, betiko begirada muzinak, badakizu. “Zer egingo ote dute aurten? Hilerokoz margotutako koadro zikin eta nazkagarri horiek aterako dituzte berriro? Ala agian autodefentsa feministaren rolloarekin jarraituko dute? Nik ez dut egingo duten horretan parte hartuko, mutilei ez digutelako uzten…”. Tira.

Bada, aurten, Medellinetik etorritako Sandra Isaza Red Feminista Antimilitaristako kideak Deustun eman zuen hitzaldia baino lehenago kontatu zigun ekintza batetik hartu dugu ideia. Colombian feminizidio bat gertatzen denean, etxe barruan geratu behar ez diren gertakizun hauen aurrean, tenderetera ateratzen dute 'intimoan' janzten dugun arropa, erasoa salatzeko eta ikusgarritasuna emateko asmoz.

Antzeko zeozer egin nahi izan dugu, sistema heteropatriarkalaren ondorioz emakumeok EGUNERO bizi ditugun zapalkuntzak salatzeko, eta horren aurrean alternatibak daudela ikustarazteko.

Gauza da, zapalkuntza horiek sinbolizatzen dituzten gauzak topatzea ez dela lan zaila izan. Baina, alternatibak bilatzen jarri eta… Betiko legez, zapalkuntzen kopuruak (neurtu ahal badira), alternatibena 8 aldiz gainditzen zuen, (20 esaten badut, “exagerada bat zara, neska!” erantzungo didatelako). Eta ez, hori ez da gertatzen, alternatiba gutxi dagoelako.

Eta, badakizu zer topatu dudan etxera bidean? Done Petri plazan Olentzeroren aldare erraldoi bat jarri dute, umeek argazkiak ateratzeko. Ez dut ulertzen. Badirudi Udaleko Berdintasun Saila oso lanpetuta dagoela urtero jartzen duten puntu more erraldoia muntatzen; imajinatu horrek dakarren lana… Tamaina aukeratu behar da, kolorea (more egokia topatzea zaila da oso), zelan zintzilikatu… Badakizu zertaz ari naizen.

Bihar Mari Domingirekin geratuta nago kafea hartzeko, askok bezala agian Udalarekin duen harremana moztea erabaki duelako, eta ni hemen ezer jakin gabe zuri kontatzen. Esango diot, dena den, erabakiak erabaki defendatuko dugula.

Banoa, lanera joan baino lehen hilerokoz zikindutako kulero nazkagarriak tenderetean eskegi behar ditut.

Gabon panpox!