Laburbirarako film laburrak proposatu daitezke abenduak 16ra arte

Erabiltzailearen aurpegia Euskaltzaleen Topagunea 2016ko aza. 16a, 12:00
Argazkian, Iñigo Gaiton Gonzalez de Txabarriren 'Erreplika' (2015)

2017 urteko Laburbirarako lanen aukeraketa hasi aurretik abenduaren 16ra arteko epea zabaldu da, sortzaileek euskarazko film laburrak bidali ahal izateko. Jasotako lanen artean urtarrilean aukeratuko dira euskarazko film laburren zirkuituan eskainiko diren lanak.

Hamalaugarren Laburbiran ere deialdi zabala egitea erabaki da, laburrak euskaraz egiten dituzten guztiek izan dezaten aukera zirkuiturako euren lanak aurkezteko. Izan ere, zirkuituaren helburu nagusia horixe da: sortzaileen lanak ezagutaraztea, euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera emanez eta ikusleei geurean sortutako zineaz gozaraztea.

Topaguneak, euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileei bultzada emateko, beste hiru egitasmo ere antolatzen ditu: Benito Ansola Saria, Durangoko Azokako Irudienea gunea eta Kameratoia.

XIV.Laburbira martxoaren 9tik apirilaren 12ra izango da, oraindik zehaztu gabe dago zein herri bisitatuko dituen, hori Laburbiran parte hartu nahi duen euskaltzaleen mugimenduko elkarte kopuruaren arabera izango baita. Iaz 27 herritan zehar ibili zen zirkuitua, zortzi film labur erakutsiz.

 

Filmak aurkezteko baldintzak

Azaroaren 16tik abenduaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak leire@topagunea.eus helbidera bidaliz.

Interesatuek, honakoak aurkeztu beharko dituzte:

Sortzailearen datuak eta aurkezpen laburra (4-5 lerrotan bere ibilbidea, argazki eta guzti).

- Filmaren sinopsia

- Filmaren fitxa teknikoa

- Filma bera, euskarri digitalean (mp4, mov...)

Bestalde, aurtengo Irudienean egongo diren film laburrak ez dira berriz aurkeztu beharko, zuzenean Laburbirarako aukeraketa fasean sartuko direlako.

 

Aukeraketa egiteko irizpideak

Urtarrila erdialderako aukeratuko dira 14.Laburbiran herriz-herri eskainiko diren film laburrak. Aukeraketa egiterakoan zenbait irizpide izango dira kontuan, honakoak:

Publiko guztientzako lanak izatea.

- Sortzaile berrien eta izen handikoen arteko oreka.

- Sortzaileen lurralde eta genero aniztasuna.

- Genero ikuspegia

- Filmen bestelako ezaugarriak: euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa lantzen dutenak... Iazko Laburbirari buruzko informazioa: http://topagunea.eus/laburbira/