Kartel batzuk jartzeagatik hainbat gaztek 6750€ko isuna jaso dutela eman du argitara Eraginek

Urtarrilaren hasieran Bilboko Alde Zaharrean jarritako kartel batzuen harira iritsi da isuna. Kartelak ostalaritzako lan hitzarmenean bildutako eskubideen berri ematen zuten. Prentsaurrekoa deitu dute ostegunerako, ostalaritzako langileekin batera.

Twitter bidez aditzera eman dutenez, Eragin Bilboko gazte prekarioen asanbladako hainbat kideri 6750€ko isuna iritsi zaie, kartel batzuen harira. Urte hasieran ostalaritzan lan egiten duten hainbat gazte Eraginen bidez antolatzen hasi ziren, eta lehen pauso gisa, ostalaritzako hitzarmenean bildutako hainbat baldintzen berri informatzea erabaki zuten. Horretarako, hainbat kartel jarri zituzten Bilboko Alde Zaharrean, Eraginek adierazi duenez, eta horretan ari ziren hainbat kide identifikatuak izan ziren, udal gobernantzaren aurka joatea egotzita.

Orain, salatu dutenez, ostalaritzako hitzarmenaren berri ematen zuten kartel horiek jartzeagatik 6750 euroko isuna jaso dute hiru pertsona identifikatuek. Eraginek oso larritzat jo du isuna, eta horren aurrean "zorrari aurre egiteko eta lan eskubideen defentsarako dinamika bat abiaraztea" erabaki dutela azaldu dute twitter bidez. Horrez gain prentsaurrekoa deitu dute ostegunerako, ostalaritzako langileekin batera.