Zazkel taldea: “Euskal pop erradikala aldarrikatzen dugu armairurik gabe jaio garelako”

bertonaldizkaria 2015ko ots. 16a, 10:56

2012an Bilbon elkartu zinen sei taldekide. Gitarra (Etxahun), bateria (Axierito), teklatua (Txosk), baxua (MM) eta ahotsaren (Irati) bidez euskal musikari “ekarpen berri bat” egiteko asmoz. 80ko hamarkadako talde euskaldun zein talde atzerritarren erritmoetan oinarrituta, “euskal pop erradikala” aldarrikatzen dute.  

Euskal musikari ekarpena egin nahi dio Zazkel taldeak. Nola?

Bai, gaur egungo euskal musikan hiru estilo dude batik bat. Alde batetik, metal edo rock musika. Beste alde batetik, ska musika gogorarazten digun tronpetadun musika estiloa dago. Eta hirugarrenak bi musika hauek nahasten ditu. Euskal musikan estilo aniztasun handiagoa egon beharko litzateke. Parrandan gaudenean dantzatu eta abestu nahi baldin badugu ezin gara bizpairu estilotan bakarrik mugitu. Aldatu behar den egoera dela uste dugu eta horregatik beste proposamen batzuk dakarzkigu.

Adibidez?

Gure ekarpena, gaur egun hemen gutxi sustatzen diren musika estiloak jotzen, abestietan sintetizadoreak sartzen eta abestietako letretan mezu berriak sartzen egin nahi dugu. Adibidez, disko eta afrobeat erritmoak gogorarazten dituzten abestiak entzun daitezke maketan. Gainera, sintetizadoreak aukera anitzak ematen dizkigu eta bateria, baxu eta kitarrek lortzen ez dituzten gauzak lor ditzake.

Zergatik oinarritzen zarete 80ko taldeen erritmoetan?

Britainia Handiko pop taldeek zein Estatu Batuetako beltzen disko musikak arrakasta handia izan zuten. Musika horiek izan dira gure generaziokook txikitan ezagutu ditugunak eta, nahiz eta bere garaian oso kontutan ez izan, orain entzunez gero, nostalgiarekin dantzatzen ditugu. Gorputzean erraz sartzen diren erritmoak dira, eta guk jendearengan sentsazio bera sortu nahi dugu.

Zergatik eta zertarako aldarrikatzen duzue euskal pop erradikala?

Pop musikarekiko fobia bat dirudi dagoela gure inguruan. Euskal Herrian rock musika da nagusi, distortsiodun gitarrak eta erritmo azkar eta gogorrak entzuten ez baditugu zerbait falta zaigula sentitzen dugu. Edozein tabernetan sartzean ohikoena haserre dagoen musika bat entzutea da, gure inguruko arazoen kontra etengabe borrokan dagoen soinu gogorra. Baina urtetan sortu den oskol musikal horren azpiko haragi bigunak gauza sentiberago bat eskatzen duela uste dugu, eta pop musika oso elementu egokia da horretarako. Diskotekako musika oso gutarra ez den ustea dago, baina pixkanaka-pixkanaka ospe rockero gogor hori izan duten talde euskaldunak armairutik ateratzen ari dira eta horteratzat genituen disko erritmoak sartzen hasi dira haien abestietan. Horregatik aldarrikatzen dugu euskal pop erradikala, armairurik gabe jaio garelako.

Zein harrera izan du 2014an grabatu zenuten maketak?

Oso ona. Oraingoz berrehun kopia besterik ez ditugu atera eta aste gutxiren buruan denak saldu ditugu. Gure inguruko lagunen artean harrera ona izan du, hori espero genuen. Baina maketa entzun duen eta ezagutzen ez gaituen jende askok ere iritzi ona du gure lehen lanari buruz eta hori eskertzekoa da eta seinale ona dela iruditzen zaigu. Orain ehun bat kopia gehiago aterako ditugu kontzertuetara doan jendeak maketa bertan eskura dezan. Horrez gain gure lana interneten ere igo dugu nahi duenak entzun dezan.

Taldearen erronka zuzeneko emanaldiak eskaintzea da. Nolako zuzenekoa duzue?

Azkar bukatzen den harren, potentzia handikoa. Gure helburua jendeak kantatzea eta dantzatzea da eta horretan indar handia jartzen dugu. Hasiberriak garenez ez daukagu abesti-sorta handirik eta zuzeneko ikuskizuna ez daukagu oso garatua. Oraingoz abestiak behar bezala jotzen jartzen dugu indarra, baina denborarekin jantziak eta argi efektuak sartu nahi genituzke. 80ko hamarkadara eraman nahi dugu publikoa.

Emanaldietarako deitzen dizuete? Zein izan da orain arteko emanaldi onena?

Oraingoz oso emanaldi gutxi eman ditugu, baina eman ditugunetatik hoberena Santutxuko Komiki Astean eta joan den azaroan La Nube tabernan emandakoak izan dira, jendez gainezka eta oso giro onean egon ginen.

Beste erronka bat diskoa grabatzea da. Zein urrats eman duzue diskoa grabatzeko?

Maketa Raulekin, bateriaren anaiarekin grabatu dugu. Lan luzea izan da baina emaitzarekin pozik gaude. Diskoa urruti xamar ikusten dugu, baina kontzertuak ematen hasi ahala diru pixka bat aurreztu eta estudioko lan potente bat egiteko asmoa dugu.

Nola/non/norekin grabatu nahi duzue?

Jean Phocas edo Kaki Arkarazorekin lan egitea gustatuko litzaiguke. Badakigu 80ko eta 90eko hamarkadetako hainbat talderen partaide eta ekoizle izan direla eta garai hartako soinua lortzeko pertsona egokienak izan daitezkeela deritzogu.

Zelan konpontzen zarete sei lagun? 

Oso ondo. Harreman polita dugu, entseguetan oso ondo pasatzen dugu eta musikalki ere kohesio handia sortzen da gure artean. Gaur egun entseatzeko sei pertsona elkartzea ez da kontu erraza, batez ere bakoitza Bizkaiko punta desberdinean bizi bada. Konpromisoak alde batera utzi behar izaten ditugu sarritan. Baxu-jotzailea, adibidez, Zumaiatik etortzen da igandero eta Athleticen bazkidea izanda partiduari uko egiten dio.