Munduko Arrozak ekimenaren edizio berri bat

uriola.eus 2018ko mai. 9a, 11:58

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako taldeen koordinakundean Munduko Arrozak ekimenaren edizio berri ban antolatzen hasi da. Ekainaren 16an izango da, larunbata.

Mariaren Bihotza plaza paella-ontziz beteko da beste behin Munduko Arrozak ekimenaren edizio berri batekin. Ekimen gastronomiko hau klasiko bat bihurtu da dagoeneko Bilboko agendan eta gero eta partaide gehiago ditu. Hori dela eta, aurtengo edizioa goiz antolatzen hasi dira, eta aldaketa batzuk egingo dituzte.

Urte hauetan lekuekin egondako arazoekin amaitzeko, partaide guztiek izena eman beharko dute aldez aurretik. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako taldeen koordinakundeak azaldu duenez, ezin izango da aurten lekua gorde. Antolakuntzak, izena ematen duen talde bakoitzari leku zehatz bat egokituko dio. Horrela, azken urteetan izan duten arazorik handienarekin bukatzea espero dute.

Horrez gain, parte hartzeko kuota ekainaren 1a baino lehenago oradaindu beharko da. Kuota hori 1,5 eurotakoa izango da, lagun bakoitzeko. Beraz, bikote batek parte hartu nahi badu 3 euro ordaindu beharko ditu, eta hamar laguneko kuadrilla batek 15 euro ordaindu beharko lituzke. 3.600 lagunentzako lekua dagoela adierazi dute, eta arte hartzaileen zerrenda zenbaki horretara heltzen denean izenematea itxiko dute.

Horrela, ekimena hobeto antolatua izatea espero dute, azken urteetako gatazkak alde batera utziz. Munduko Arrozak parte guztietako jendea biltzen duen ekimena bihurtu da eta San Frantzisko auzoaren islada bihurtu da. Auzoa dinamizatzeko egindako ekimena, egun bateko jai handia bihurtu da eta parte hartzeko edo informazio gehiago eskatzeko mundukoarrozak@yahoo.es helbidea sortu dute.