Gutun sozialaren aurkezpena izango da gaur Santutxun

bertonaldizkaria 2014ko urt. 8a, 10:40

Gutun Soziala proiektua aurkeztuko dute gaur. Bertan, Euskal Herriarentzat eskubide sozialak eta betebehar ekonomiko ezberdinak nola eraiki dezaketen aztertuko dute. Gizarte solidario bat da helburua, eta denoi deia luzatu diote Begoñako Auzoetxetik pasatzeko, 19:30etan.

"Bada garaia Euskal Herriko emakume eta gizonok bestelako proiektu ekonomiko eta sozial bat eraiki dezagun Euskal Herriarentzat, eskubide eta betebehar berdinez. Bada garaia euskal gizarteak gizarte eredu bidezko eta solidarioa eraiki dezan, bere borondatez, beste inongo inposaketa edo injerentziarik gabe.

Horregatik, eztabaida prozesu bat irekitzea erabaki dugu, inplikazio sozial eta sindikalarekin, datorren udazkenean gizarte gutunerako proposamen baten behin betiko erredakziora iristeko, alegia, Euskal Herrian bizi garen pertsona guztion sentipena eta gehiengoaren interesa jasoko dituen behin betiko proposamen bat erredaktatzeko.

Gure nahia da eztabaida prozesu honek herri-harresi bat eraikitzera eramatea azkenean, botere ekonomikoak gehiengo sozialaren kontra zuzentzen dituen eraso guztiei aurre egiteko; halaber, gure asmoa da gizarte gutun hau tresna bihurtzea, bai indarrak biltzeko exijitzen dugun alternatibaren inguruan eta bai herri honetako borroka ahalmena bateratzeko, benetako aldaketa sozial eta politikoa Euskal Herrian lortu arte.

Santutxun ere lan talde bat lanean hasi da, eta prozesu honen oinarriak izanen direnak jartzen hasi da. Beraz hemendik Santutxuko jendarte prozesu honetan parte hartzera deitzen dugu, denon artean ze eredu sozial nahi dugun erabakitzeko. Geroz eta jende gehiago eta sektore ezberdinetakoak bildu hobe, ikuspegi eta ekarpen ezberdinak jasotzeko."