Zuri Baltza elkartea: kolorez beteriko mende erdia

bertonaldizkaria 2015ko urr. 21a, 10:00
Argazkiak: Zuri Baltza elkartea

Aspaldi sortu zen Santutxun xakean aritzeko aukera eskaintzen duen Zuri Baltza. Aurten 50 urte bete dituen elkarteko kideak ostiralero batzen dira oraindik orain komunean duten interesa partekatzeko.

1965. urtean sortu zen elkartea eta ordutik ona aldaketa zein lorpenez beteriko bidea osatu du. “Hasiera batean Juan de la Cosa kaleko Nautilus tabernan batzen ginen, lagun batzuk modu xumean batuz hasi baitzen taldea”, dio Paulo Alberdi elkarteko kideak. Garai hartan liburu eta lokalik ez zuten. Egun, Cantharellus Mikologia Elkartearekin eta Santutxuko Txirrindulari Elkartearekin konpartitzen dute egoitza. Adin ezberdinetako (15-78 urte bitartean) 35 kide eta xake jokalarik osatzen dute Zuri Baltza.

Aldaketez gain lorpenak ere nabarmendu ditu Paulo Alberdik. Izan ere, 2015 zein 2013 urteetan Bizkaiko Kopa irabazteaz gain, Euskadiko Xake Txapelketa ere irabazi zuen Zuri Baltzak 1998/99 denboraldian. “Gurea moduko talde txiki bat, babesleekin eta mundu guztiko jokalariekin dabiltzan partaideen aurka aritu eta irabaztea ikaragarria izan da”, aitortzen du poztasunez Alberdik. Bizkaia zein Euskal Herrian dauden txapelketa guztietan noizbait garaile suertatu direla ere aipatzen du Jose Manuel Garciapresidenteohiak. Dena den, irabazteaz gain hori egiteko modua ere berebizikoa dela azalduz, hainbat urtetan “talde infantil femeninoa eduki izanaz harro” aurkeztu da presidente ohia.

Mende erdi bizkarrean duen elkarteak momentu onak eta txarrak ere izan dituela aitortu du Garciak, eta egun ere badituzte gainditu beharreko erronkak. “Auzoko jendeak ezagutzea eta kide berriak erakartzea da oraindik ere erronka nagusia. Horrekin batera, jendeak kirol honi nolabaiteko beldurra ere izaten diola gehitu du Alberdik: “Zuri Baltzako kidea izateko ez dago xakean jokalari trebea izan beharrik. Kirol honekiko interesak batzen gaitu, eta hori da taldean sartzeko betebehar bakarra”.

Jendeak hobeto ezagutzea erronkatzat dutela aipatuta ere, auzora irteten direnean harrera ona jasotzen dute. “Santutxuko jaietan beti antolatzen da ekintzaren bat, eta horietan jakin-mina nabaritzen da jendearengan. Batez ere gazteak hurbiltzen diren arren, elkartekoak ez diren helduak ere animatu izan dira”. Horrez gain, Santutxuko Jai Batzordeari urtero eurekin gogoratzea eskertzeko aprobetxatu nahi izan dute Zuri Baltzako taldekideek. Jaien harira, aurten pregoilari hautatu izanak eragin dien ilusioa adierazi du Paulo Alberdik: “Ezusteko handia izan da, eta Karmelo Ikastolarekin batera pregoia emateko aukera eduki izana ikaragarria iruditu zaigu. Barregarria ere suertatu zaigu, gaztelerazkoa egokitu zitzaigunez pregoia “Viva Santutxu” esaldiarekin bukatu baitzen”.

Bilbon xakea gero eta indartsuago dago. “Bilbo mundu mailako erreferente bilakatzen ari da xakearen munduan. Alde Zaharrean zein Alondegian munduko lehiaketa gauzatu izan delako”, Alberdiren arabera. Aurten ere badago Bizkaiko hiriburura arreta erakarriko duen ekitaldia. Izan ere, urriaren 26tik azaroaren 3ra Bilbao Chess 2015lehiaketa ospatuko da, eta bertan Anish Giri, Wesley So eta Liren Ding jokalari gazteek Viswanathan Anand txapeldunarekin jokatuko dute. “Argi dago munduko txapeldunak gero eta gazteagoak direla -egin du gogoeta Zuri Baltzako kideak-, adinak nolabaiteko garrantzia duela dirudi. Azken finean, lehenago edo beranduago txapeldun nagusienak ere harrapatuko dituzte gazteagoek”. Jokalari horiek beste maila batean mugitzen da, eta Zuri Baltzakoekin zerikusi gutxi dutela nabarmendu du Alberdik. Hala ere, jakin-minak zein xakearekiko interesak bultzatuta lehiaketa hauei adi egon ohi da.

Etorkizunari begira Zuri Baltza elkartean plan “berezirik” ez dutela azaldu dute xake jokalariek: “Asmoa jende gaztea klubean aritzera animatzea da. Klubaren etorkizunerako ezinbestekoa izateaz gain, Mahatserrian interesa duten nerabe zein gazteei kirol hau praktikatzeko aukera eskaintzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Hau bultzatzeko ostiraletan klaseak gauzatzen ditugu eurekin”.

Jose Manuel Garciak gazteei zuzendutako ekintzetan kemen berezia azaleratzen dutela azaldu du; klubean, monitore bitartez eskoletan edota plazan izan. Horri lotuta, interesa duen edonor animatzera gonbidatzen du Paulo Alberdik. “Zalantzarik gabe! Xakea gustuko izanez gero pozik egingo diegu harrera. Kide batzuk ostiralero biltzen gara, eta beste batzuk noizean behin, hortaz denbora aldetik ere malgutasuna dago interesa duenarentzat”. Zuri Baltza elkartearen egoitza helbidea ere eskaini du Alberdik: Antonio Egiluz medikuaren kalea 3, tarteko solairua, Santutxu.

 zuribaltzaxaketaldea@gmail.com

 

Testua: Gorka Lopez Arantzamendi

Argazkiak: Zuri Baltza elkartea