KRML Bizirik, auzotik auzoarentzat

uriola.eus 2016ko urt. 22a, 12:39
Argazkia: KRML Bizirik

Joan den azarotik ari da lagun talde bat hutsik bi urte daraman Santutxuko ikastola zaharreko lokalak txukuntzen erabilera eman ahal izateko. Aste honetan jakinarazi du KRML Bizirik plataformak "Udalak espaziora sartzeko ateak itxi eta egiten ari garen lanean interesik gabeko jarrera argia azaldu duela". Bihar, asanblea eta prentsaurrea deitu dute plataformako kideek.

Bi urte eta gero Karmelo Ikastola zaharreko lokalak itxita jarraitzen du. Denbora-tarte horretan ikastolaren egoera eskasten joan da, eta, "esperientziak dioskun bezala", -KRML Bizirik plataformak- denbora aurrera joan ahala zahartze prozesu horiek azkartu egiten dira espazioak hutsik eta zikin daudenean.   

Lokal horiek inguruko auzokide askoren esfortzu eta diruarekin eraiki ziren, eta plataformaren iritziz "arduragabekeria litzatekeela lan hori guztia utzikeriaren ondorioz alperrik galtzea. Are gehiago, hain biztanleria handia eta hain ekipamendu gutxi dituen zonaldea izanda". 

Horregaitik, orain dela hilabete batzuetatik, adin desberdinetako pertsona-talde bat lanean ari da pixkanaka-pixkanaka instalazio horiek berreskuratzeko eta Santutxuko zein Bilboko auzokideei eskaintzeko.

Orain arte hainbat proiektu jarri dituzte martxan, besteak beste, haurrentzako ludoteka, eskupilota entrenamenduak, ikasketa-gela, bilera-gela edota zeramika-ikastaroa.

 

Asanblea, prentsaurrekoa eta bazkaria

Bihar, hilak 23, asanblea irekia antolatu du KRML Bizirik plataformak 11:00etan eta Bilboko Udalarekin lehenengo bilera izan ondoren, ekimenaren berri zabaltzeko prentsaurrekoa eskainiko du 12:30ean. Bukatzeko, ikastolara hurbiltzen diren lagunek elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute 14:30ean.  

Eguna: Urtarrilak 23

Tokia: Karmelo Ikastola zaharra. Marcelino Menendez Pelayo kalea 12, 48006 Bilbo, Bizkaia 

uriola.eus/komunitatea/krmlbizirik