Kalera Kalera: “Presoek gizartearen babesa senti dezaten eta hartu beharreko erabakiak sendo har ditzaten lanean dihardugu”

bertonaldizkaria 2017ko ots. 15a, 08:44
Argazkiak: Iñigo Azkona

Andone Soldevilla Bilbo Zaharreko preso ohia kartzelan sartu zuten Iñaxi Zeberio ETAko militantea hil zutenean. Kolaborazioagatik epaitu eta zigortu zuten. Lizarra-Garaziko akordioaren garaia zen, 1998a. Bost urtez egon da kartzelan, Madrilen eta Salamancan. Hamar urte daramatza kalean. Egun, Santutxun tabernari dihardu. 

Jexux Mari Zalakain, jaiotzez tolosarra, duela 30 urte bizi da Santutxun. Kazetari lanetan jardun zuen hasieran, gerora EHUn irakasle. Egun, eskolak ematen ditu Leioako kanpusean. 18/98ko sumarioaren baitan auziperatua, Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik, zortzi urteko kartzela zigorra bete du. Urtebete darama kalean. 

 

Zer da Kalera Kalera ekimena?

Andone: Oso pozik gaude Kalera Kalera ekimenak izan duen erantzunarekin. Mobilizazio ugari izan da, eta pertsona askok bat egin du aldarrikapenarekin. Ekimena guk preso ohi eta errefuxiatuok zabaldu dugu. Hasteko gure kide preso, iheslari eta errefuxiatuei laguntza modura, hau da, bultzada bat emateko hartzen dituzten erabakiei. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) 2013an hartutako posizionamenduari hauspoa eman nahi izan diogu, jakin dezaten hemen gaudela. Aurretiaz lan handia dago, iniziatiba ez da hutsetik agertu, presoen eskubideen alde lan sakona egin da, eta egiten ari da. Preso ohi bezala, eta beraien egoera beretsuan egon izanak bultzada ematera eraman gaitu.  

Jexux Mari: Ekinbidea argi dago ez dela zerotik hasi. Oso irudimentsua eta oso interesgarria izan da, jendearekin kontaktua izateko aukera eskaini digulako, hain zuzen ere. Gizarteko hainbat sektoretara iritsi da, gizabanakoengana, sindikalgintzara… eta presoen egoera konpontzea urgentzia bat dela ondorioztatu da. Guztiok inplikatzen gaituen errealialitatea da. Preso eta iheslari ohion babesa izan bada ere, gizarteari gaiak garrantzia handia duela adierazi nahi izan diogu. Independente izan nahi baldin badugu, inongo motxilarik gabe, premiazkoa da konponketa. 

Zein motako ekintzak burutu dituzue azken bi hilabeteotan?

Jexux Mari: Batetik, Usurbilen egin den hilabeteko itxialdia abenduaren 10etik urtarrilaren 8ra, preso ohien bertako egonaldia izan da eta iheslarien artean ere kezka konpartitzeko aukera. Kezka hori gizartean modu eraginkorrean zabaltzeko. Horrez gain, ikuskizunak egon dira, hitzaldiak, manifestazioak… ni hiru egunez egon nintzen eta gerora ikusi denez, oso pozik gaude lortutako emaitzarekin. Erabat indarberrituta atera gara. 

Errotik heldu behar zitzaion presoen gaiari, ezta?

Jexux Mari: Aspaldi ari ginen preso eta iheslarien gaiari buruz lanean taldeka auzo zein herrialdeetan ikusteko zer egin genezakeen eta nola antolatu gintezkeen. Batetik, gure arteko lana jorratzeko eta, bestetik, gizarteratze lan honen nondik norakoak lantzeko, beti ere, presoek gizartearen babesa senti dezaten, eta hartu beharreko erabakiak sendo har ditzaten. 

Euskal preso eta iheslari politikoak etxeratzeko ildoak Euskal Herrian dituela abiapuntua eta helmuga diozue. Zer espero dezakegu Estatu espainolaren eta frantsesaren aldetik?

Andone: Kalera-k hausnarketa bati erantzuten dio: ez dugu ezer ere espero Estatuen aldetik, eta presoen kaleratzea gure lanaren emaitza izango da. Kalera-k ekarpen handia egin dio testuinguru zail bati. Usurbilgo itxialdia izan den bitartean gertaera esanguratsu asko izan dira: Luhusoko atxiloketak, Arantza Zuluetaren hiru urteko isolamendu egoera, Harriet Iragiren egoera, auzoko Arkaitz Agirregabiriaren egoera Villepinten, Altsasuko atxiloketak… testuinguru horrek argi uzten du Estatuak ez daudela egoera konpontzearen alde, beraz, Euskal Herriko gizartearen esku dagoela. 

Jexux Mari: Uste dut bertan egondakoekin lortu dela nolabaiteko adostasuna. Berau baita abiapuntua momentu honetan gaia gizarteratzeko eta bultzada bat emateko. Hain zuzen, saiatzea indarrez eta erabakimenez, hau da, sakabanaketarekin bukatzea eta preso gaixoak kalera ateratzea dira abiaburua. Eta ondoren, ahal bada, Nafarroan eta EAEn kartzela eskumenak lortzea. Hiru gai horietan erabateko adostasuna lortu dugu. Hiru puntuetan indar berezia egiteko prest agertu da jendea. Jakin badakigu presoen problematika askoz ere zabalagoa dela, baina jomuga bezala oso ondo deritzogu bai guk zein presoek beraiek. 

Izan dituzuen aurrerapauso eta adostasun horiekin, emaitzarik ikusiko ahal dugu epe laburrean?

Jexux Mari: Badakigu Estatuak ez digula ezer ere doan emango, beraz, jendearen hauspoa da espero behar duguna. Erabakiak hartu behar dituztenak erabakiak hartzera lagundu behar ditugu. Pertsonok ezin ditugu presoak hartu eta fisikoki hona ekarri, horregatik uste dugu bultzaldia izango dela, eta beste arrrazoi bat gehiago ere, erabakiak hartu behar dituenak erabakiak har ditzan. Konfiantza osoa dugu, horrela izango delakoan gaude. Ez bagenueka konfiantzarik ez genukeen ezer ere egingo. 

Andone: Etorkizunari begira ezin gara tanta-jarioan erantzuten egon, jarraitu behar diren dinamikak zehaztu beharko ditugu. Premiazko egoerei erantzun beharko zaiela argi dago, esaterako, eta hurbilekoenak hartuta, Arantza Zuluetaren isolamendu egoerari, Arkaitz Agirregabiriarenari edota Basaurin dagoen Aitzol Gogorzarenari. Hala ere, modu bakarra dago urgentziazko egoerari aurre egiteko, denak lehenbailehen etxera ekartzea, hain zuzen ere. Hori da orain dugun helburua. 

 
Gizartearen aldetik zein erantzun jaso duzue?

Jexux Mari: Usurbilgo ekimenak bere fruituak eman ditu. Alde batetik, bertan parte hartu dugunok indartsu atera gara hortik eta beste pauso batzuk emateko prest. Bestaldetik, ikusi dugu planteatutako gaietan adostasuna dagoela gizartean. Orain indar osoa jarri beharko da praktikara eramaten adostutakoa. Hala ere, kartzeletan mila arazo sor daitezke, eta arazo horiei ere erantzun beharko zaie. Lortu dira minimo batzuk, eta horiekin aurrera egin behar dugu. Gai batzuetan lana oso bateratua izango da, adibidez, urtarrilean egin ohi den manifestazioa, eta beste batzuetan, ez da hain bateratua izango, eta jende gutxiagok hartuko du parte. Gizarte osoak sekula ez dio ezeri erantzuten, hortaz, presoen inguruan lanean gabiltzanok akordioak praktikara eraman daitezen eskatu behar dugu. 

Zer eskatuko zeniekete elkarrizketa hau irakurtzen ari direnei?

Andone: Benetan sinisten badute konponbide erreal batean, beraien esku ere badagoela ezinbestekoa den bultzada. Presoen arazoa Euskal Herri osoaren afera da eta ezin dugu, inolaz ere, alde batera utzi independentzia prozesuan. 

Eta zehazki gobernuan dagoen EAJ alderdiari zer eskatzen diozue?

Jexux Mari: Orain arte egin duena baino askoz gehiago egin dezala. Eta gutxienez adostasun handia dagoen puntu horietan lagun dezala eta herria bat datorren akordioetan ez dezala azpijokorik egin; benetan konponbiderako lanean jar dadila. Azkenaldian Madrilekin gai batzuetan minimoak jartzen dituen bezala eskuduntzekin, gure herritar hauek preso daudela ulertu behar du, eta batzuk oso egoera txarrean; beraz, puntu horiek ere izan daitezela ezinbestekoak negoziaketetan. Esaterako, Abiadura Handiko Trenarekin zein beste eskumenekin Madrilekin negoziatuko duten modu berean exijitu diezaiekegu herritar presoen egoerari ekin diezaiotela konponbidearen alde. 

Andone: EAJ jokatzen joango da politikoki interesatzen zaionarekin. Ez da gauza berria, izatez, Madrilekin etengabe negoziatu behar du.  

Zergatik ez da urrats hori eman aurretiaz?

Andone: EAJ egoera oso lasaian egon da, baina erakunde armatuak armak utzi zituenetik pausoak eman direnez, gatazka apur bat argitu denez, eta gizartearen eskaera denez konponbide bat bilatzea, ez dago horren egoera erosoan. 

Jexux Mari: Gizarteak presoen afera premiazko egoera bezala ulertzen doan heinean gobernuan daudenek presioa sentituko dute, eta urratsak ematera behartuko ditugu. Baina ez beraien iniziatibaz baizik eta gizartearen eskakizunei erantzun behar dietelako. 

Orain, presoen eztabaida unea da. Badakizue presoen dokumentua zertan den?

Andone: Haien txanda da, eta ezer publiko egiten ez duten arte ezin dugu guk gauza handirik esan. Hori, bai, babestuko dugu hartutako erabakia. Gainera, argi dago kartzelako debateak ez direla batere errazak, oztopoz beterik baitaude. Denbora beharko da, eta sakabanaketarekin benetan zaila da presoek erabakiak hartzea. Gainera, Estatuari ez zaio interesatzen presoen kolektiboak erabakiak hartzea, are gutxiago erabaki kolektiboak. Beraz, zapuzten saiatuko dira. 

Jexux Mari: Orain arte publiko egin da EPPK-ko zuzendaritzaren dokumentua preso guztiek eztabaida dezaten. Argi utzi digute ere eztabaida horiek ez dituztela telebisatuko, jakina. Erabaki bat hartuko dute, eta herriari eskatzen diote erabaki hori babestea eta errespetatzea. EPPK betiko kolektibo duin eta arduratsua dela gogorarazi nahi dugu. Kolektiboaren dokumentuak beti jaso ditugu interes eta errespetu handiz, eta oraingoan uste dugu eztabaidatzen ari diren dokumentua egokitu dutela fase berrira. Kolektiboak bere buruari galdetzen dio nola lagundu ahal dion prozesu independentistari batetik, eta nola lagundu gatazkaren konponbideari, bestetik. Kanpotik konfiantzaz hartu behar dugu haiek erabakitakoa, har dezaketen erabakirik egokiena izango delako. Guri dagokiguna, eta oro har gizarteari dagokiona, erabakia babestea da. 

Orain arte publikatu denak zein harrera izan du?

Jexux Mari: Zuzendaritzak argitara emandako dokumentuan agertzen diren zenbait punturekin badirudi batzuk harritu direla, besteak beste, bide legalak hartzearen erabakiarekin. Ez da bide legalak onartzea baizik eta berauez baliatzea zure borroka aurrera ateratzeko. Helburura hurbiltzeko legeek laguntzen badute beteko dira, eta ez badira lagungarriak ez dira beteko, hain justu, momentuko helburuetara heltzeko. Konponbidea bultzatzeko legeren bat alde badago betetzea da egokiena. Kolektiboak oso modu eskuzabalean planteatu ditu puntuak, izan ere, oso egoera ezberdinetan daude.

Zelan dago Euskal Preso Politikoen Kolektiboa?

Jexux Mari: Kolektiboa sendo dago eta fase berrian erabakiak hartzera behartuta dago. Beti ere, ez da erraza izango, batez ere, presoak inoiz baino bakartuago daudelako, inoiz baino sakabanatuago. Hau da, modulu ezberdinetan daude, eta batzuk isolamendu ziegetan. Dena dela, kolektiboa ez da gazte kuadrilla, eta hartuko duen erabakia irmotasunez hartuko duelakoan gaude. 

Zer egin daiteke premia larriko preso gaixoen egoerarekin?

Andone: Kalera atera behar ditugu lehenbailehen. Alabaina, denak atera behar ditugu, baina argi dago gaixoak lehenengo, jakina. Egoera oso muturrekoak daude, Aitzol eta Txusen kasua, esaterako. Baina jomuga denak kalean izatea da. 

Jexux Mari: Egoera jasangaitza da eta ulertezina, izan ere, historian askatu izan baitituzte preso eriak. Ez dakigu zergatik orain ez den posible. Batzuetan ematen du kartzelan hildakoren bat egotera behartu nahi gaituztela. Eta egoera horrek posizionamendu politikoa ere kolokan jar dezake, edota gutxienez, zalantzan jarri. Orain arte hartu diren erabaki politikoak oso modu erabatekoan hartu direnez, badirudi Estatua nonbaitetik pitzadurak zein zatiketak izatea bilatzen ari dela.

 

Testua: Arrate Diez

Argazkiak: Iñigo Azkona