Eskaera eta idatziak luzatu arren, Luis Briñas Aterpe batzordeko kideek ez dute Eusko Jaurlaritzako ez Bilboko Udaleko ordezkarien erantzunik jaso. Ikastetxean, "borroka luzearen" ondoren, eraikiko den jolastoki estali berriak komunik eta aldagelarik izango ez duela jakitean asko kezkatu dira. Are gehiago bertara iristeko 30 metroak ez direla estaliko jakin dutenean, "uko egin baitiote estalki txiki bat jartzeari".
Jolastoki berria bi urteko umeek erabiliko dute eta hurbilen duten komuna hiru solairuko distantziara izango dute. Batzordekideen esanetan, horrela bada, "umeak bustita helduko dira eta askotan ez dira garaiz komunera helduko".
Atzo, hilak 24, Change.org atarian Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari zuzendutako eskaera plazaratu zuen Aterpe batzordeak.