EH Bilduk Burtzeñako zubiaren oinezko eremua estaltzeko eskatu du beste behin

uriola.eus 2024ko urt. 19a, 13:52
Argazkia: EH Bildu

Alderdi politikoak duela 8 urte onartutako proposamena gauzatzeko eskatu die instituzio desberdinei.

Burtzeñako zubiak Barakaldo eta Bilboko Zorrotza auzoa lotzen ditu. Kadagua ibaiaren gaineko zubitik N-634 errepidea pasatzen da eta bertako oinezkoentzako gunea estaltzeko eskaera urte luzez mantendu dute bi herrietako bizilagunek. Izan ere, proposamena duela zortzi urte onartu zen arren, oraindik ez dira proiektua gauzatzeko lanak hasi. 

Gauzak horrela, EH Bilduk, beste behin ere, proiektua aurrera eramateko eskatu du. Horrela iragarri dute gaur Barakaldoko eta Bilboko zinegotziek, Maria Solarrek eta Patxi Xabier Fernandezek, hurrenez hurren, elkarrekin egindako agerraldian. Bi udalerrietako bizilagunekin dagoen “zor historikoa” dela gogorarazi dute. “Ekimen hau berriro aurkeztuko dugu, bi udalek 2016an eta 2020an hartutako konpromiso hori bete ez delako, EH Bilduk Barakaldoko eta Bilboko Udaletan aurkeztutako ekimenen ondorioz ere”, adierazi du Fernandezek.

Alde horretatik, alderdi politikoak gogoratu nahi zain du azpiegitura horren garrantzia. “Zorrotzatik familia askok Burtzeñako ikastetxeetara eramaten dituzte seme-alabak, eta alderantziz, jende asko joaten da Burtzeñatik Zorrotzara, kiroldegira edota erosketak egitera”.

Gauzak horrela, EAJk eta PSEk Burtzeñan eta Zorrotzan akordio instituzional batera iristeko duten borondate politiko falta nabarmendu dute. Horretaz gain, garbi utzi nahi izan dute EH Bilduk ez duela etsiko, “eta konponbideak eskatzen jarraituko duela, zubiaren erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko”.