Indarkeria matxista "jokoz kanpo" gera dadin galdegin dute talde feministek

uriola.eus 2014ko mar. 11a, 10:13

Bilboko feminista ezberdinek elkarretaratzea burutu dute goizeko 08:45ean, Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean “bere duintasuna eta askatasunaren alde borrokatzen duten emakume guztiei, eta jendarteari” elkartasuna adierazteko.

Goizeko 08:45ean hasi dute mobilizazioa "Txokoz txoko, indarkeria matxista jarri dezagun jokoz kanpo! Justizia Emakumeontzat!" lelopean.

Elkarretaratzearen bidez, epaileek eta sistema judizialak "behin behineko sententzia daukan erasotzaile batek ekonomikoki, sozialki eta psikologikoki tratu txarrak egiten jarraitzea onartzen" dutela salatu dute. Era berean, "tratu txarrengatik eta urruntze agindua urratzeagatik erasotzaileek dituzten kondenak betetzea" eskatzen diete, baita aitatasuna gauzatzeko “errespetutik eta erantzukizunetik, legeak ezarritako betebeharrak betearaztea”.

Bukatzeko, elkartasuna adierazi nahi izan diete "haien duintasunaren eta askatasunaren alde borrokatzen duten emakumeei, eta jendarte guztiari".