Baina Kevin Lopez ez da Santutxuko Atletismoko Klubak antolatu eta apirilaren 5ean, 10:45ean hasita, Bilboko Kale Nagusian egingo den Bilboko IX. Miliako izar bakarra izango. Berarekin batera hauek izango ditugu: Manuel Olmedo eta Victor Garcia, biak Espainiako txapeldunak, eta Isabel Macias zaragozarra, Polonian egin den pista estaliko Munduko txapelketan parte hartu duen korrikalari espainiar bakarra.
Hiru orduz luzatuko dira lasterketak Kale Nagusiak eskaintzen duen paraje paregabean; ibilbideak 1.609 metro izango ditu eta atletismozaleak eta kirolzaleak orokorrean primeran pasatuko dutelakoan daude antolatzaileek.
Antolatzaileak eta babesleak –besteak beste, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta BM supermerkatuak– kirol egun hori jai egun bihurtzea espero dute, partaidetza handikoa. Oraingoz, 1.200 pertsona inguruk ziurtatu dute euren partaidetza, korrikalari federatu, herrikoi zein adin guztietako ehunka eskola-umek. Ez dira denak distantzia berean arituko.
Gizonezkoen kategorian (13:20an), lehen aipatutako Kevin Lopez, Manuel Olmedo eta Victor Garciaz gain, aurreneko mailan ari diren Ivan Fernandez, Angel Mullera, Luis Alberto Marco, Adel Mechaal eta Antonio Abadia etorriko dira, besteak beste.
Emakumezkoen milian (13:30ean), Isabel Macias 2013ko garaipena berriro lortzen saiatuko da. Aurrez aurre izango ditu Iris Fuentes-Pila, Gema Barrachina, Lidia Rodriguez, Marta Silvestre, Margarita Fuentes-Pila, Iraia Garcia eta harridura sortu duen Blanca Fernandez de la Granja.
Goizeko atletismo saioaren amaieran, goi-mailako milia bi lehiatuko dira. Bertan, 800, 1.500 eta 3.000 metroko eta oztopoetako Espainiako lasterkaririk onenek parte hartuko dute, Dickson Huru, Trihas Gebre, Nancy Cheptegei eta Majida Maayouf, besteak beste.
Eta jai-giroa aurreko urteetakoa baino handiagoa izan dadin, Nazioarteko Bederatzigarren Milia honetan merezitako omenaldia egingo zaie BM Bilbao emakumezkoen taldeko kideri, kirol urte bikaina burutu dutelako, titulu guztiak eskuratuz, eta Amaia Piedra eta Cristina Petite bizkaitarrei, emakumezkoen kroseko eta iraupen erdiko lasterkari nagusiak direlako.