La Misericordia etxea bisitatzeko aukera izango da maiatzean

uriola.eus 2014ko api. 16a, 09:15

Hiriko eraikin adierazgarrienetako bat sakonki ezagutzeko aukera eskainiko du maiatzean Bilbao Izan programak. Abandoko Elizateko historia handiko La Misericordia etxea, hain zuzen ere. Bisita gidatuen bidez bere ezaugarriak eta Bilboko historian izan duen garrantzia zabalduko dira.

La Misericordia izenaz ezaguna den eraikin hau Bilboko historiarekin estuki lotuta dago. 1770ean sortuta, Sendeja kalean izan zuen bere lehenengo egoitza, eta behartsuen babesa izan zen bere zeregina. Mende bat igarota eta pertsona-kopuru handiagoaren beharrei erantzuna ematearen premia nabaria egin zenean, gaur egun duen espazioa hartu zuen. Halaber, lehen San Mamesen komentu zaharrak betetzen zuen espazio bera.

La Casa de Misericordia Bilboko Itsasadarra zeharkatu eta bigarren Zabalkundera hurbildu zen hornidura sozialetako lehena izan zen. Bilboko hiri-bilbearen garapena abiarazten zuen prozesuaren aitzindaria, alegia.

Izan ere, Zabalkundearen hedapenaren arkitektoek -Alzolak, Achucarrok eta Hoffmeyerek-, eraikin hau hartu zuten erreferentzia gisa ibilbidea diseinatzerakoan.

Proiektua Antonio de Goycoechea arkitektoaren esku egon zen eta 1872 urtean, Espainiako Erregeak, Savoiako Amadeo Lehenak, inauguratu zuen.

XIX. mendeko hiri-arkitekturaren adibide da, itxura neoklasikoa eta ezaugarri neobarrokoak nahasten dituena. Gaur egun, hirugarren adinekoentzako egoitza da.

Nabarmen dira San Mamesen erlikiak gordetzen dituen kapera eta estilo erromantikokoa den eta 40 landare-espezie desberdin dituen lorategia.

Gaur egun, Misericordiaren ospakizun-areto zaharrean beste Erakunde ospetsu batek parte du; Bilboko Sozietate Korala. Bi erakunde hauek eskutik doaz behin baino gehiagotan Bilboko azken mendeko historian zehar.

 

Informazio gehiago:

• Doako bisita gidatuak

• Euskaraz eta gaztelaniaz (erreserbatu egin behar da)

• Iraupena: Ordu eta erdi

• Bilgunea: Sabino Arana Etorbidea, 2. Lorategietarako sarrerarako hezian

• Informazioa eta erreserbak: Apirilaren 22tik aurrera (8.00etatik 20.00etara) 94 401 00 10 / 010