uriola.eus

Ekintzaile digitalek produktu eta zerbitzuak erakusgai jarri dituzte Sherpa Summit foroan

  Jendartea  Abando - Indautxu
Euskalduna jauregia teknologia berrietako enpresa eta ekintzailez bete da. Hamaika produktu eta zerbitzu aurkeztu dituzte aditu eta bezero potentzialen aurrean. Sherpa Summit topaketari esker, sektore digitaleko profesionalek gailu mugikorretarako aplikazioei eta HTML5 lengoaiari buruzko workshopetan parte hartu dute.

Euskal “start up"-entzako erakusleihoa

Sherpa Summit aukera aparta da informazioa trukatzeko eta harremanak, networkinga eta negozioa sortzeko sektore digitalean. Bilboko Udalak goi-bilera hau aprobetxatu nahi du hirian eta lurraldean sortu berri diren enpresak nazioarteko bezero eta inbertsiogileengana hurbiltzeko. Horretarako, Sherpa Summiteko erakusketa-eremuan stand propioak prestatu dira Bilbao Ekintzak lagundutako lau euskal enpresarentzat: METAPHORA, LYNBER, MENUVEO eta UNEXPENDABLES.

Workshop oso interesgarriak

Bilbo app Gunea ekimenean 500 profesional baino gehiagorentzako bi tailer programatu dira. Horietako batean gailu mugikorretarako aplikazioen gaur egungo errealitatea eta gertuko etorkizuna landuko da, eta lehen mailako hizlariek hartuko dute parte: Aritz Anasagasti, CEO of Emotional Network, Carlos Polo, Founder & Ceo of Perpetuall, Guillermo Lopez, Mozilla-Hispano, Timur Pulathaneli, Ford, Yes FM enpresa, eta David Cuartielles, Creator of Ardulino.

Bigarren workshopa HTML5 programazio-lengoaiari buruzkoa izango da, eta honako hauek zuzenduko dute: Dominique Hazaël-Massieux, Mobile Web Initiative Lead at W3C, Charles McCathieNevile, consultant CTO Group of Yandex, Kike Quintano, HTML Spain, Francisco Javier Almeida, CTO Wimi5, eta Txus Ordorika, Ludei.

Hazten ari den sektorea

Arte, teknologia eta diseinuaren sektorea Bilboko Udalak etorkizunerako identifikatutako apustu estrategikoen artean dago, jardun ekonomikoa eta enplegu kualifikatua sortzeko, bereziki hiriko gazteen artean. Urtean zehar martxan jarritako beste ekintza batzuekin batera, Bilbao app Gunea bezalako ekimenen xedea lehen mailako profesionalen eta enpresen sarea garatzea da, Bilbo hiria esparru digitalaren nazioarteko erreferente bihur dadin.

 

Streaming bidez Sherpa Summit jarraitzeko aukera dago: http://sher.pa/Sherpa-Summit/es/

Twitter bidez jarraitzeko:

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa