Indautxuko plaza latekin bete dute elikadura eskubidearen alde

uriola.eus 2014ko mai. 8a, 09:00

Bilbotarrak elikaduraren gaineko arazoaren inguruan kontzientziatzeko asmoz, Indautxuko plazan latekin osatutako mapa erraldoi bat egin dute. Ekimenaren bidez, elikadura eskubide aldarrikatu nahi izan du Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako sailak.

Indautxuko plazan elikagaien latekin osatutako munduko mapa erraldoi batek, biztanle bakoitzak elikatzeko eskubidea daukala gogorarazi du gaur goizean. El Carmen ikastetxeak (ikasleen bidez), Unesco Etxeak, Metro Bilbaok eta Bizkaiko Elikagaien Bankuak “Jatea denon eskubidea da” kanpainaren barruan egindako “Eman lata bat!” ekimenean lagundu dute. Horren helburua, Bilboko gizartea elikagaien arazoaz jabetzea eta, horrela, hegoaldeko herrialdeetan nahiz gure inguru hurbilean, gosearen, desnutrizioaren eta pobreziaren aurkako borrokan elkartasuna sendotzea da.

Mapamundia osatzeko erabili diren latak Bizkaiko Elikagaien Bankura bidaliko dira. Bizkaian bakarrik, bankuak 31.000 pertsonei ematen die laguntza.

2014, Familiako Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea

Aurten Familiako Nekazaritzaren Nazioarteko Urtea izanik, mota honetako ekimenekin, Bilboko Udalaren helburua zera da, Bilboko gizartea munduko elikagaien arazoaz jabetzea eta, kontsumo arduratsuaren bidez, mundu bidezko eta zuzenago bat eraikitzen lagundu daitekeela jakinaraztea, garapenerako laguntza oinarritzat hartuta.

Ekimenaren antolatzaileek gogora ekarri dute, elikagaien faltari buruzko datuak "beldurgarriak" direla. Gaur egun eta Nazio Batuen datuen arabera, 842 milioi pertsonek ez daukate elikadura duin bat, planetako zazpi pertsonatik bat gosez joaten da ohera eta bost urtetik beherako 200.000 ume baino gehiago hiltzen dira gosearen eraginez egunero. Bitartean, munduko biztanleen % 100 elikatzeko janari nahiko produzitzen da egunero, hau da, FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundearen arabera, elikagaien produkzioaren % 30 (1,3 bilioi tona) alferrik galtzen da.