Ikasle auziperatuek babesa jaso dute

uriola.eus 2014ko mai. 12a, 17:22

Hezkuntza erreformen aurkako aldarria kalera atera zuten azaroaren 21ean ehunka ikaslek Bilboko kaleetan. Protesta horretan parte hartu zuten 18 gazte epaituak izango dira aste honetan. Gaur adin txikiko 10 gazte epaitu dituzte. Epaiketak salatzeko eta epaituei babesa agertzeko elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek.

Ikasle erakundeek iazko azaroan deitu zuten greba eguneko istiluetan parte hartzea egotzita 10 gazte epaitu dituzte gaur goizean Bilboko Adin Txikikoen Epaitegian. 100 euroko isuna eta 50 orduko gizarte lan eskaerari aurre egin behar izan diote. Bihar, berriz, zortzi gazteren -adinez nagusiak- txanda izango da. Horiei ere, hezkuntza erreformak salatzeko manifestazioan istiluak sortzea leporatzen zaie.

Hainbat auziperatu deustuarrak izanik, "Utzi bakean Deustuko gaztedia" izan da gaur goizean Barroeta Aldamar kalean, Justizia jauregia aurrean, pankartetako batean irakur zitekeen mezua. Izan ere, elkarretaratzeko partaideek adierazi dutenez, 2009tik hona 13 dira jada prozesu judizialetan murgilduta dauden gazteak. "Sistema honetan gazteak gara kaltetuenetarikoak, prekarietatera kondenatzen gaituzte, eta badugulako zergatik borrokatu eta borronkatzen dugulako kolpatzen gaituzte behin eta berriz". Gazteen esanatean, Estatuaren errepresioari aurre egiteko, "ezinbestekoa da gazteen antolakuntza eta erantzun zuzen eta bateratua. Kolektibo moduan erasotzen gaituzte, erantzun dezagun modu berean".

Bihar, epaiketa jarraipena izango du eta hori dela eta bihar ere elkarretaratzea deitu dute, 9:030ean Buenos Aires kalean, Justizia jauregiaren aurrean.

Ostegunean, berriz, maiatzak 15, manifestazioa deitu dute 19:30ean Done Petri plazatik abiatuta.