Eguerdian, udaletxeko eskaileretan, hiru minutuko isilunean elkartu dira Bilboko Udaleko ordezkari ugari. Alderdi guztietako zinegotziek parte hartu dute Espainiako Udalerri eta Probintzietako Federazioak (FEMP) deitutako ekitaldian, EH Bildukoek ezik. Udaleko ordezkariez gain, bestelako politikari batzuk ere batu dira, besteak beste, Karlos Iturgaitz Europako hauteskundetarako PP alderdiaren hautagaiak.
Etxetik gertu tirokatu zuten, kalean, Leongo Diputazioko presidente Isabel Carrasco. Espainiako Barne Ministerioak adierazi du "gai pertsonalekin" lotura izan dezakeela tiroketak. Efek zabaldu duenez, bi lagun atxilotu dituzte heriotzarekin lotuta. Informazio horren arabera, ama-alabak dira atxilotuak, eta alaba herenegun bertan kaleratu zuten Leongo Diputazioan zuen lanpostutik. El Diario hedabideak, berriz, Astorgako iturriak aipatuz, 2011n kaleratu zutela jakinarazi du, eta ez herenegun. PPko afiliatua dela ere zabaldu da. Oraingoz ez dute argitu bi atxilotuek zein parte hartze izan dezaketen Carrascoren heriotzan.
Europa Press agentziaren arabera, atxilotuak Espainiako Poliziaren inspektore baten emaztea eta alaba dira. Hainbat hedabidek zabaldu dute tiroketa gizonaren armarekin egin dela, baina Efek gezurtatu egin du albistea.
Espainiako hainbat alderdik Europako hauteskundeen harira atzoko eta gaurko antolatuak zituzten ekitaldiak bertan behera utzi dituzte. Euskal Herrian gauza bera erabaki dute EAJk, PSE-PSNk, PP-PPNk, Ezker Anitzak eta UPDk.