Egoera "onartezina da" langabeen asanbladen iritziz. "Behin eta berriz lanik ez dagoela esaten digute eta inguruko eraikuntza lanetan eta enpresetan ordu osagarriak sartzen ari dira, guri lana kenduz. Eta instituzioek hau ekidin beharko lukete, modu zuzenagoan lana banatuz". Ez da erakunde publikoei egin dieten kritika bakarra. Gogor salatu dituzte soldaten jaitsiera eta eskubideen galera. "Ulertezina da dugun langabezia tasarekin, instituzioek enpresaburuen jarrera onartzea". Enpresaburuak hitzarmen kolektiboek diotenaren "azpitik" eskulana kontratatzen ari dira, "beraien buruak aberasten jarraituz eta langileoi, borroka urteen ondorioz lortutako lan eskubideak kenduz".
Langabezia eta pobreziari aurre egiteko, langabeen Bizkaiko koordinadoraren proposamena lana eta ondasunaren banaketara bideratzen da. Zehazki sei proposamen luzatu dizkiete erakunde publikoei: lanaldien murrizketa, Bizkaiko hitzarmenaren betearaztea, ordu osagarrien "berehalako" debekatzea, eraikuntza eta zerbitzu publikoetan kontratatuko direnen "%20 langabetuak izatea", langabetuentzako txartela ezartzea "garraio publiko, udal kiroldegi, antzoki eta abarretan beherapenak izatea" eta "maizterraren diru sarreren %20 gaindituko ez duen alokairu sozialeko etxebizitzen parkea ezartzea".
Datuak
Hego Euskal Herrian, 288.818 lagun zeuden lanik gabe apirilean. Datuei erreparatuta ohartu gaitezke Bizkaia dela lau herrialdeen artean langabetu kopuru handiena biltzen duena: 102.300 pertsona. Gauzak horrela, Bizkaiko langabetuen asanbladek deituta, manifestazioak langabezia eta pobrezioaren kontrako aldarria Bilboko kaleetan barrena zabaldu du.
Deitzaileen esanetan, langabezia eta pobreziaren datu kezkagarriak "krisiaren kudeaketa antidemokratiko honetan burutzen diren politika zehatzen fruitu zuzena dira; hartutako erreforma eta neurri antilaboralen bidea, herritarrak pobretzen eta gure ekonomia suntsitzen ari delako". Euren esanetan, politiken norabidea errotik aldatu beharra dago, "aberastasun nahikoa sortzen baita denak duintasunez bizi ahal izateko".