1950eko hamarkadaren bukaeran sortutako mugimendu artistikoan inspiratutako erakusketa hau 20 oineko (sei metro luzeko) sei edukiontzitan banatuta dago, eta edukiontzi horien kanpoko zein barruko dekorazioa pop artisten lanean inspiratuta dago.
Lehenengo edukiontzia Roy Lichtensteinen lanean girotuta dago, eta Bilboko Portuari buruzko informazio orokorra ematen du. Bigarrenak Jasper Johns artistaren ondarearen eragina du, eta Portuak itsasadarraren ertzeko udalerriekin izan duen harreman historikoa jorratzen du. Hirugarrenak Frank Stella artista dakar gogora, eta Portuak munduarekin izan duen lotura erakusten du. Laugarrena Andy Warholi eskainita dago, eta Portuaren ingurumen-politika du ardatz. Bosgarrenak James Rosenquisten sorkuntza-lanen zertzeladak ditu, eta kontsignazioaren, zamaketaren eta itsas garraioaren zerbitzuak erakusten ditu. Seigarrenak, berriz, Jackson Pollocken estiloa du iturri, eta kaietan zehar garraiatzen diren hainbat salgai-mota ditu ikusgai.
Erakusketa antolatzen lagundu dute, Bilboko Portuko Agintaritzarekin batera, Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioa osatzen duten udalerriek:Bilbok, Barakaldok, Erandiok, Sestaok, Santurtzik, Leioak, Getxok, Portugaletek eta Zierbenak.
Era berean, erakunde hauek dira partaide:Amarradores Puerto de Bilbao, AstillerosZamakona, BergeMarítimaBilbao, BungeIberica, E. Erhardt y Cia, ElTransbordador de Vizcaya, MacAndrews, Nirint Iberia, NoatumContainer Terminal Bilbao, ProgecoBilbao, Remolcadores Ibaizabal, SacyrConstrucción eta Transfennica Iberia.
Egutegia
Erakusketa ibiltaria izango da, eta bost egun emango ditu (asteazkenetik igandera) itsasadarraren ertzeko bederatzi udalerrietako bakoitzean. Sei edukiontzietatik bostek eduki bera izango dute udalerri guztietan; seigarrenak, berriz, gaia aldatuko du dagoen udalerriaren errealitatera eta historiara egokitzeko.
Erakusketaren ordutegia hau izango da: lanegunetan, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara; larunbat eta igandeetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara.Aste bakoitzeko astelehenak eta astearteak erakusketa jasotzeko eta lekualdatzeko eta hurrengo udalerrian muntatzeko erabiliko dira.
Bilbon estreinakoz egon ondoren (maiatzaren 27tik ekainaren 1era), Barakaldora pasatuko da (ekainaren 4tik 8ra); ondoren, Erandiora (11tik 15era), Sestaora (18tik 22ra), Santurtzira (25etik 29ra), Leioara (uztailaren 2tik 6ra), Getxora (9tik 13ra), Portugaletera (16tik 20ra), eta, azkenik, Zierbenara (23tik 27ra).
Pop Art-etik Bilboko Port Art-era
Pop artea (Pop Art) XX. mendearen erdialdeko mugimendu artistiko garrantzitsu bat izan zen, eta komunikabideetatik (publizitate-iragarkietatik, komikietatik, objektu kultural «mundutarretatik») eta zinematik hartutako kultura herrikoiaren irudiak erabiltzeagatik da ezaguna.Pop arteak eguneroko gauzak erabiltzen ditu sorkuntzan, eta gizartearen sektore handi batengana hurbiltzen ditu.
Bilboko Port Art erakusketak albiste izan nahi du berez, eta, aldi berean, dinamikoa eta erakargarria izan nahi du balio positiboak, hurbilak eta gaur egungoak transmititzeko. Horretarako, hizkuntza bisuala, ukigarria eta partaidetzazkoa erabiltzen du, ikusle guztiengana iristeko asmoz. Edukiontzien barruan dago kokatuta, elementu horiek sinbolikoak baitira portuko jarduerari dagokionez. Bilboko Port Art erakusketan, edukiontzia, itsas munduko objekturik ezagungarri eta identifikagarrienetako bat, erakusketa-gune bilakatzen da, eta Bilboko Portuaren jarduera erakusten du modu originalean. Esan daiteke Bilboko Port Art bisitatzea informazioa, didaktika eta adierazpen artistikoa uztartzen dituen zentzumenezko esperientzia bat dela.
Fundazioa
Urteetan zehar, Bilboko Portuak harreman eta eragin estua izan du itsasadarraren ertzeko udalerrien garapen ekonomiko, sozial eta kulturalean.Horretan oinarriturik, 2011n Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioa sortu zen proiekzio soziokultural eta jolasezko handia zuten interes orokorreko planak eta ekintzak sustatu eta garatzeko, aukera eman zezaten Portuak eta Bilboko Itsasadarrak berak Bizkaiko eragile ekonomiko nagusi gisa zuten garrantzia hobeto ezagutzeko.
Hauek dira Fundazioaren jarduerak: ikerketa-ildoak sustatzea eta garatzea; mintegiak, sektore-topaketak eta prestakuntza-ikastaroak antolatzea portuaren eta udalerriaren bizitzan sartuta dauden sektoreen barruan; portuaren esparruaren barruan, prestakuntzarako bekak eta laguntzak ematea; portuko zerbitzuei buruzko ikerketa-proiektuak egitea; erakustazoketan, mintegietan eta gainerako foroetan parte hartzea; gizarte-, kultura- eta kirol-arloetako jardueretan laguntzea eta haiek babestea; administrazioen, erakundeen eta/edo sektoreko eragileen arteko lankidetza bultzatzea; eta irabazi-asmorik gabeko inguruko beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea.