Iragarkitan azken 30 urtetako drogomenpekotasun kanpainak

uriola.eus 2014ko mai. 30a, 08:51

Erakusketa Bilbon egiten ari da Udalaren laguntzari esker. Doan bisitatu ahalko da, ekainaren 16ra arte, Bilboko Zabalguneko eraikinean. Bertan, 1988tik 2014ra arteko FADen kanpainetako spot, iragarki eta grafikoak bildu dituzte.

Gaur goizean, FADek (Droga mendekotasunaren kontra Laguntzeko Fundazioak) droga kontsumoaren aurrean egin dituen gizarte sentsibilizazioko kanpainen erakusketa bat inauguratu du Bilboko Zabalguneko eraikinean, “FAD: 25 urte baino gehiago, 50 kanpaina baino gehiago” izenburupean. Erakusketan, droga kontsumoari dagokionez 1988tik 2014ra arte FADek egindako sentsibilizazio kanpainetako spot, iragarki eta grafikoak bildu dira. Erakusketa El Sol Publizitate Jaialdi Iberoamerikarraren 29. edizioa ospatzearekin batera inauguratu da.

FADek erakusketa hori egin du publizitate-agentziei esker ona adierazteko urte hauetan ekimenari eman dioten laguntzarengatik. Droga kontsumoen fenomenoak Espainian izan duen bilakaeraren ikuspegi historikoa eskaintzen du erakusketak. Aldi berean El Sol Iberoamerikako Publizitate Jaialdiaren 29. edizioa ere egiten ari da Bilbon maiatzaren 29tik 31ra arte.

Prentsaurrekoa Ibon Areso Bilboko alkateak eta Ignacio Calderon FADeko zuzendari nagusiak eman dute. Publizitate Komunikazioko Agentzien Espainiako Elkarteko (AEACP) presidentea den José María Llull-ek ere parte hartu du, eta saria eman dio FADi, gizarte-publizitatearen esparruan egin duen lana aintzatesteko.   

Erakusketaren atalak: “Heroinaren krisitik alkoholera arte"

Orain 25 urte baino gehiago hasi ziren kanpainetan FAD saiatu da gizartea alderdi zehatzei buruz sentikortzen, arazoaren unean uneko errealitatea kontuan hartuz. Kanpainetan zehar ibilbidea eginda, drogen fenomenoak Espainian izan duen bilakaera ikusten da: “heroinaren krisitik" alkoholaren protagonismora arte. Horregatik, erakusketa hainbat ataletan banatuta dago.

- Hasiera: 80ko hamarkada zurrunbilotsua. Historiak hasiera argia du: 70eko hamarkadako azken urteak. Garai hartan drogak bortizki eta alarma sozial handiz sartu ziren gure gizartean heroinaren eskutik. Gizartearen presio gogorraren eraginez erakundeen erantzun zabala etorri zen eta horrela sortu zen arazoari ekiteko sare bat, agian Europako nagusia. 1985ean Drogei buruzko Plan Nazionala sortu zen, eta 1986an FAD bera. FADen lehenengo kanpainan, “Egin bizizale” izenekoan, gazteei eurei eskatu zitzaien drogen aurkako prebentzio mezuak sortzeko. Eta ehunka hiritako hormak droga kontsumoaren aurkako grafitiz bete ziren. Aldi berean, prentsan, telebistan, irratian, zinemetan eta kanpoko publizitatean FADen mezuak argiak eta biribilak ziren; fenomenoari zuzen-zuzen aurka egiten zioten. "Egin bizizale" leloaren eta "EZ" historikoaren urteak dira.

- Kontuz!! Arrisku handia. 90eko hamarkadaren erdialdetik aurrera heroina protagonismoa galduz joan zen eta substantzia nahiz kontsumo era berriak sortu ziren, aisiari lotutakoak, funtsean. Kokaina agertu zen eszenatokian, eta haren kontsumoaren gorakada handia izan zen. Kontsumitzen hasteko adinak behera egin zuen eta FADek kanpaina enblematiko bat kaleratu zuen, bere historiako kanpainarik gogoratuena: harra ageri zen hura. Ordutik aurrera FADek hainbat kanpaina plazaratu ditu substantzia askoren arriskuez ohartarazteko.    

- Hasi da elkarrizketa. Urte haietan beste komunikazio-ildo garrantzitsu bat hasi zen FADen kanpainetan. Apustu egiten hasi zen etxeko hezkuntzaren eta komunikazioaren garrantziaren alde, nerabezaroan kontsumoei aurrea hartzeko gako gisa.  Prebentzio-eragile moduan familiak duen garrantziaz eta drogen arazoari etxean taburik gabe heltzeko beharraz sentikortzea hartu zen helburutzat.  

- Hezkuntza da gakoa. 2002an, kanpainen norabide-aldaketa handia izan zen eta “Hezkuntza da gakoa” eslogana izan zen nagusi 2004ra arte. Haurtzaroa prebentzioa hasteko garairik onentzat jotzen zen. Eta Balio Hezkuntza, berriz, tresna egokitzat.  Zehaztu gabeko prebentzio kanpainak ziren: ez zuten substantzia jakin baten kontra egiten, aitzitik, saiatzen ziren gizartea sentikortzen Balio Hezkuntzak txiki-txikitatik duen garrantziaz, nerabezaroko adikzioak ekiditeko ezinbesteko oinarri gisa. “Irakas iezaiezu bizitzen” edo “Eman seme-alabei indarra drogen aurka” bezalako esloganak erabiltzen ziren.

- Substantziak ezkutatu egiten dira: banalizazioa eta kontsumoko produktuak. 2000ko hamarkadaren azkenean, drogek gizartean hainbat hamarkada egin ondoren, drogekiko bizikidetza horren eraginez erroetaraino aldatuta zeuden gizarteak errealitate hori bizi zuen -edo gaur egun bizi duen- moduak. Gizartea drogen presentzia onartzen hasi zen, are gehiago, zenbait erabilgarritasun edo balizko onura onartzen hasi zen, substantzien edo kontsumo moten arabera. "Arriskurik gabeko" halako bizikidetza baten aukera irudikatzen hasi zen jendea. “Drogen fenomenoaren” bilakaera horrekin batera aldaketak gertatu dira kulturan eta bizimoduan –aisiarako eremu zabalagoak eta denbora gehiago- edo balioen eskalan –presentismoaren nahiz hedonismoaren goraldia- eta, ondorioz, drogak elementu erabilgarri eta funtzionaltzat hartzen dira, batez ere gazteenen artean. Drogak, zenbait substantzia behintzat, kontsumorako produktu eskuragarri bihurtu dira. Drogen arriskuak sarritan lauso ikusten dira, baina onurak ateratzeko itxaropena eskaintzen dute. Errealitate horren aurrean FADek “Aldatu zure pertzepzioa. Pentsa ezazu” edo “Denak du bere prezioa” bezalako kanpainak kaleratu zituen. Helburua argia zen: kontsumoa banalizatzearen arriskuaz ohartaraztea.

- Alkohola, substantzia "laguna”. Azken urteotan, FADen kanpainetan gogoeta eragin nahi da substantzia hurbil bezain arazotsu bati buruz: alkoholari buruz. 2011ko “Zer egin behar dugu alkoholarekin?” kanpainatik hasi eta 2013ko “Mozkortzen zaren bakoitzean apur bat gehiago ergeltzen zara” kanpainara arte, FAD ahalegindu da gizartea sentikortzen alkoholaren gehiegizko kontsumoak ekar ditzakeen arrisku eta ondorioez. Osasunaren galera edo trafiko istripuak bezalako arazoak dakartza, eta lotura argia dago kontsumo horren eta eskola porrotaren, gazteen indarkeriaren edo sexu jardun arriskutsuen artean, besteak beste.

- Etorkizunari begira. FADek helburu argi bat izango du aurrerantzean egingo dituen kanpainetan: Espainiako gizarteari laguntzen jarraitzea eta sentsibilizazio-mezuak ematen jarraitzea errealitate konplexu, aldakor eta eztabaidatu bati buruz, sinetsita gaudelako garrantzitsua dela gogoeta egiteari ez uztea eta amore ez ematea.