"Lanbide, eskubide zibilen Guantanamo"

uriola.eus 2014ko eka. 2a, 12:00
Euskal babes sisteman egin diren "etengabeko murrizketak salatzeko" gaur goizean Mazarredo kaleko Lanbideren bulegoan hainbat pertsonak, buzo laranjak jantzita, poltsak buruan eta esku-burdinak eta kateak lotuta zeuzkatela, protestaldia burutu dute.

Argilan, Asamblea Abierta en Defensa de las Prestaciones Sociales, Berri-Otxoak, Danok Lan, Elkartzen, Mujeres del Mundo, Posada de los Abrazos, R.B.U. Taldea eta SOS Arrazakeria taldeek bat egin dute gaurko protestaldiarekin.

Eusko Jaurlaritza egin dute pobrezia kasuen igoeraren erantzule. Jaurlaritzak "murrizketetara eta pobrezia kondenatzen gaitu", adierazi dute. INEren arabera, EAEko familien %10,5ek pobrezia egoera bizi dute, eta 12,3k hile amaierara heltzeko zailtasun handiak dituzte.

Lanbideri ere luzatu dizkiote kritikak. "Murrizketak" eta praktika okerrak" leporatu dizkiote. Besteak beste, jakinarazpenak EAEko Boletin Ofizial bidez egiteagatik, espedienteen kautelazko-atzerapenengatik, ohiko administrazio prozedura ez betetzeagatik, urtebeteko espedienteen eguneratzeetan atzerapenak izateagatik edota bulegoetan operatibitate falta eta informatika arazoak edukitzeagatik.

"Herritarren eskubideak urratzen dituzten murrizketak" burutu ditu Lanbidek. Hortik, "Lanbide, eskubide zibilen Guantanamo", gaurko protestaldiaren mezua. Elkarteen esanetan, "finean, Lanbideren bitartez prestazioak jasotzen dituzten 64.000 elkarbizitza unitateen %64 egungo gizarte babesetik kanporatuak izango dira".