Bilboko Udal Musika Eskolak erarik onenean itxiko du aurtengo urte akademikoa: gaur-biharretan, ekainak 4 eta 5, Campos Antzokian eskainiko dituen kontzertuen bidez. Sail guztietako ikasle eta irakasleek, 200 pertsona baino gehiagok, Bilboko Campos Antzokiko eszenatokia partekatuko dute, estilo guztiak uztartuko dituen musika saio bikoitz horretan. Biolontxeloa eta txirula bezalako instrumentuekin trebatzen ari diren ikasleak Eskolako irakasleekin batera taularatuko dira. Gazte Korua, txikien orkestra eta Bilbao Musikako Big Band-a entzuteko aukera ere izango da. Sarrera librea izango da baina gonbidapenarekin, bi pertsonako, eta Campos Antzokiko txarteldegian eskuratu ahal izango dira.
Beste urte batez, Eskolako kideek, gure etorkizuneko musikari gazteek, ikasturte amaierako kontzertuak hunkigarri hau ilusio handiz prestatu dituzte, senideen nahiz publikoaren aurrean, haien talentua erakusteko gogoz. Aurten ere errepertorio zabala prestatu dute eta bertaratzen direnek Mozarten Ave Verum, Kepa Junkeraren Muskerraren baltsa, Manciniren The pink panter edo Duke Ellingtonen C Jam blues entzuteko aukera izango dute.
Publikoak musika formazio ezberdinen ikuskizunarekin gozatu ahal izango du, orkestrak direla fanfarreak, Big Band edota adin ezberdinetako saxo edo eskusoinu taldeak direla. Talde bakoitza eskolako bere irakasleak zuzenduko du.