Bizkaiko garraiobide publikoetako lan batzorde "denen" atxikimendua jaso du ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta LBS sindikatuek joan den martxoan aurkeztu zuten adierazpenak. Hamalau lan batzorderena, alegia. Gainera, lan batzorde gehienek "aho batez" babestu dute txartel bakarraren aldeko adierazpena Raul Mendez Urigoitia eledunaren arabera. Horien artean daude Bizkaian garraio zerbitzu publikoa ematen duten zazpi tren enpresa eta zazpi autobus enpresa. Osotara, 3.000 langileren atxikimenduak bildu dituzte.
"Bizkaiak txartel bakarra behar du garrio publikoaren kalitatea hobetuko bada". Horrela, argi eta ozen adierazi dute gaur eguerdian Plaza Biribilean elkarretaratzea burutu duten garraiolariek. Txartel bakarrak garraio publikoaren zerbitzua hobetuko duela pentsatzen dute eta, horrek "erakundeen, gizarte osoaren eta sektoreko langileen onura" ekarriko duela.
Barik txartelaren ordez, txartel sozialagoa
Baina garraiolariek gaur proposatu duten txartel bakar hori ez da Barik txartela. Barik txarteletik haratago doa: "Barik, euskarri elektronikoa baino ez da, plastikozko txartela, hainbat garriotan erabil daitekeena, baina horrek gure poltsa eta karteretan daramagun abonu eta txartel kopuruaren murrizketa baino ez dakar, baina ez hobekuntzarik garraioaren kalitatean".
Administrazio eta enpresek "arazo teknikoak" argudiatu dituzte txartel bakarraren ezarpena atzeratzeko. Garraiolariek, berriz, ez dute uste arlo teknikoa gaindiezina denik. Raul Mendez Urigoitiak adierazi duenez, "Eusko Jaurlaritzak diru partidak dauzka" txartel bakarraren ezarpenak sortuko dituen gastuetara bideratzeko, beraz, "helburu bideragarria da". "Ezin da soilik arlo teknikoa kontutan hartu, erakunde eta enpresek arlo soziala ere aintzat hartu behar dute, eta txartel sozialago baten alde egin". Garraiolarien aburuz, errenta txikia duten herritarrek zein asko bidaiatzen dutenek txartel merkeagoa ordaindu beharko lukete, eta tarifen bateratzeak "ez du zertan tarifen garestitzea" ekarri. Proposamen hauek garraiobide publikoetan "bidaia kopurua handitzea eta ibilgailu pribatuak errepidetik kentzea" du xede.
Honako ezaugarriak izango dituen txartel bakarra eskatu dute Bizkaiko garraiobide publikoetako langileek:
- Ibilbide bera, tarifa bera. Bizkaiko hainbat garraio-operadoreetako langileek "ez dugu ulertzen zergatik kobratu behar zaizkien tarifa ezberdinak erabitzaileei bidaia bera egiteagatik, hartzen den garraiobidearen arabera".
- Zenbat eta maizago erabili garraio publikoa, hainbat eta merkeago txartela. "Garraio publikoaren erabilpena sustatu behar dugu, eta hartara saritu behar dira ohiko erabiltzaile direnak", diote. "Zenbat eta bidaia gehiago egin, hainbat eta merkeago ordain dezaten".
- Txartelaren prezioak pertsonaren errentaren araberakoa izan behar du. Balibaiderik ez duten pertsonek, gazteek eta ikasleek, prestaziorako eskubidea duten langabeek edota diru sarrera gutxienekoek "ez dute errenta altu edo ondare oparoa duten pertsonek beste ordaindu behar. Zenbat eta txikiagoa errenta, hainbat eta merkeago txartela".
- Zerbitzu publiko eta kalitatezkoa bermatzea. Txartel bakarra abian jartzea "zerbitzu publiko eta kalitatezkoaren aldeko apustua izan behar du, herritarrei ahalik eta garraio onena ziurtatu eta, aldi berean, dauden lanpostuak bermatu eta, ahal dela, berriak sortuz. Horrela, besteak beste, Bizkaiko langabezia murriztuko litzateke".
- Garraio publikoaren operadore guztiak koordinatzeko erakunde bakarra. Txartel bakar berria erakunde eta enpresa operadore guztiak koordinatuko dituen "erakunde bakarretik egin behar da", garraio modu guztiak "elkarren osagarri" izateko, eta zerbitzuen bikoizketa eta enpresen arteko lehiakortasuna saihesteko, zerbitzuaren kalitatea hobetuz. "Garraio-agintaritza bakarra orain".
- Bizkaia osoan erabilgarri. Txartel bakarrarekin Bizkaiko lurralde historiko osoan dauden garraiobide publiko guztiak -metroa, trenak, tranbia eta autobusak, herri era hiri barruko zein herri eta hiriartekoak-. "Lurraldeen mugetako eta alboetako probintzietan erabiltzea ere erraztu behar da. Euskarri bakarra garraio publiko bakarrerako".