Ekainaren 27an, ostirala, eta 28an, larunbata, 23:00etan, Indautxuko Silken hotelera hurbiltzen direnek James Roomen kontzertua entzuteko aukera izango dute. Azken urteotan, musikari hau hainbat eszenatokitan aritu da, Rain ‘Dog’ Arsuagak eta Ruben Cuadrado bateria-jotzaile eta perkusionistak babestuta. Hirukote indartsua osatuz, zuzeneko emanaldi ikusgarri eta zirraragarriak eskaini dituzte eta horietan abesti sendo eta indartsuak eta intimoak tartekatu izan dituzte. Oraingoan, norabidea aldatu eta soinu gordinagoei bide eman die Weird Antiqua lanean. Horretarako, Indigo L. Agudo, Gabriel ‘Brown’ León eta Aitor ‘Son’ Zorriketaren laguntza baliotsua izango du. Hitz gogorrak eta tabernetako usaina darien doinuak, denboragabeak eta hunkigarriak, horiexek dira bere ezaugarriak. Abesti latzak eta sakonak, ahots indartsu eta berezi-bereziarekin abestuta.
‘365 Jazz Bilbao’ zikloaren barruan, Bilbao 700 Fundazioak jazz musikako programazio egonkorra NH Villa de Bilbao, Hesperia Bilbao eta Silken Indautxu hoteletara zabaldu du. Kontzertuak ostiral eta larunbat gauetan eta dohainik izaten dira; edari bat hartzea nahikoa izango da kontzertuaz gozatzeko.
`365 Jazz Bilbao´ zikloaren bidez, jazz-aren kultura sortu nahi da Bilbon, hiriaren bereizgarri. Bilbon jazz musikaren zaletu-kopuru handia dagoela kontuan hartuta, ziklo hau hasiera-hasieratik kalitaterik handiena bilatzen saiatu da baina jende berria ere erakarri nahi du askotariko programazioa, formatu eta estilo askotako kontzertuak eskainiz.