Parodia eginez salatu du Ernaik Kutxabanken pribatizazioa

uriola.eus 2014ko eka. 20a, 10:30

Ernai Gazte Antolakundetik azaldu dutenez, pribatizazioak kutxen kontrola "15 espekulatzaileren esku" utziko du eta horiek ez dituzte "inolako jarraipen eta kontrolik izango" kutxen kudeaketan hartuko dituzten erabakien gainean.

Gaur goizeko 11:00etan elkarretaratzea deitu du Ernai gazte erakundeak Kale Nagusiko Kutxabanken egoitza nagusiaren aurrean. “Kutxabank lapurrak” eta “Merke, merke, Kutxabanken akzioak salgai” oihukatuz eta trajez jantzita Euskal Kutxen pribatizazioa gaitzetsi dute. Erantzukizun nagusia EAJri egotzi diote, azaldu dutenez, honek "Espainian lehiatuko den banku bat nahi du, etengabe dirua metatzen jarraitzea helburu izango duena eta ez pertsonak dituzten beharrizanei irtenbide ematea". Horregatik, bihar, ekainak 21, Kutxabanken pribatizazioari ezetz esateko deituta dagoen manifestazioan parte hartzera deitu du Ernaik.