Bizenta Antonia Mogel idazlearen lana zabalduko du Yolanda Arrietak

Erabiltzailearen aurpegia Bilbon euskaraz 2014ko uzt. 16a, 09:28

Yolanda Arrieta idazleak 'Bizenta Antonia Mogel: andre argi baten ikurrak' hitzaldi tailerra eskainiko du gaur Kafe Antzokian.

Bi saio izango dira 10:30ean eta 17:30ean eta biak ere, Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleen laguntzarekin antolatu dituzte.

Bizenta Antonia Mogel

(Azpeitia, 1782 - Abanto, 1854) Joan Antonio Mogelen iloba zen Bizenta Antonia, eta osabak gidatu zuen ikasketetan, etxean. Horri esker, garai hartako emakume batentzat erabat ohiz kanpokoa zen jakituria maila erdietsi zuen.

Oso gaztea zela, umezurtz geratu eta Markinan bizi zen osabarekin, Joan Antonio Mogel apaiz idazlearekin, bizitzera joan zen. Osabak euskaraz, gazteleraz eta latinez irakurtzen eta idazten irakatsi zion.

Ipui onac euskarazko lehen fabula-liburua idatzi zuen Bizenta Antonia Mogelek. Garai hartan latinetik itzultzea ez zen lan makala, euskara arauturik ez zegoenez, euskalki desberdinen artean erabakitzea zaila baitzen. Bertsoak ere idatzi zituen. Euskara literarioaren eredua osabarengandik hartu zuen: garbia, kultua baina ulerterraza, ume eta baserritarrentzat idazten zuen eta. Fabulaz gain, iruzkin konprometituak idazten zituen, jauntxo eta baserritarren harremanak azpimarratuz, zintzotasuna eta mantsotasuna eskatuz.

Ez dugu ahaztu behar garai hartako baserritar gehienak behartsuak zirela eta krisi ekonomiko eta soziala ikaragarria zela, azkenean matxinadak eta gudak piztuz.

Garai hartan ez zegoen ondo ikusia emakumeek idaztea. Bizentak idazlea izateagatik bere ausardia onartzen zuen.

 

Iturria: Wikipedia