La Salve, "Bilboko garagardoa, jaio baino iratzarri da"

uriola.eus 2014ko uzt. 17a, 13:00

Abuztuaren 8tik aurrera Bilboko garagardoa, La Salve izenekoa, edateko aukera izango da. Tabernetan eta dendetan aurkituko dute garagardozaleek, baita Aste Nagusian hainbat txosnetan ere. Gaur aurkeztu dute La Salve 1886an sortu zuen familiako kideek eta 2014an "iratzarri" duten ekoizle berriek.

70eko hamarkadan desagertu zen Bilbon ekoizten zen La Salve garagardoa. Izan zituen langileen artean bakarrak dirau bizirik. "Hunkitu" egin da garagardoaren proiektua berreskuratu dela jakitean. Maria Perez-Yarzak eman du berria gaur Zabalguneko udal eraikinean egindako agerraldian. Maria La Salve garagardo egileen laugarren belaunaldiko kide da eta bera ere "hunkituta" agertu da.

La Salve berreskuratu duen lagun taldeak ez du jatorrizko La Salveren egileekin loturarik, baina bai harreman estua. Jon Ruiz da sustatzaileetako bat, eta ilusio handiz aurkeztu du garagardo berria Maria Perez-Yarzak eta Jacobo Perez-Yarzak lagunduta. "Bilboko garagardoa jaio baino, iratzarri dela" adierazi du Ruizek gaurko agerraldian. Bere aburuz "denok dakigu garagardoa edaten, baina gutxik dakite garagardoa egiten". Kalitatezko garagardoa egiteko Alberto Pacheco Errioxako artisau garagardogile adituaren laguntza izan dute.

Hiru milioiko inbertsioa egin dute La Salven Jon Ruiz eta lagunek. 2015erako 200.000 litro ekoiztu nahi dituzte eta "garagardotegi txiki bat martxan izan". 2016an lantegi propioa zabaltzea dute amets, "ziurrenik Zorrotzaurren", eta "urtean bost milioi litro ekoiztera heltzea".

Bilbon ez ezik Bizkaia osoan zabalduko dute La Salve. Abuztuaren 8tik aurrera izango da hori.

[2014/07/16] La Salve garagardoaren aurkezpena egingo dute gaur