Taula gainean omenduko dute Alex Angulo

uriola.eus 2014ko uzt. 23a, 08:51

Argazkia: Iñigo Azkona

Senide, lagun eta lankideak gaur 19:00etan Campos antzokian elkartuko dira Alex Angulori gorazarre egiteko. Ekitaldia irekia eta parte-hartzailea izango da. Ramon Bareak gidatuko du.

Ordu beteko ekitaldi xumea izango da eta Ramon Bareak zuzenduko du. Taula gainean agurtuko dute Alex Angulo, bere gustuko lekuan. Omenaldi irekia eta parte-hartzailea antolatu dute aktorearen senide eta lagunek. Sarrera librea izango du hurreratu nahi duen ororentzat. 19.00etan hasiko da Campos antzokian. Patioko aulkien erdiak kentzekoak dira antzokiko arduradunak bertaratuko diren guztiei lekua egiteko.

Alex Anguloren gorpuari astelehenean egin zioten autopsia Logroñon. Atzo erraustu zuten. Bere familiak intimitatean eman nahi izan zion agurra.

Joan den igande arratsaldean Alex Anguloren heriotzaren berri ezagutu zenetik, bere autoa errepidetik irteten hil zen Errioxan, ugariak izan dira komunikabideetan eta sare sozialetan dolu mezuak.

Langile, apal eta umoretsu

Comicos de la Legua eta Karraka antzerki taldeetan hasi zen 18 urterekin Alex Angulo antzerkia egiten eta euskal antzerkigintza independentearen profesionalizazioan parte hartzen. Jaiotzez erandioztarra, deustuarra zen bihotzez. Bizi, berriz, Ciudad Jardin-Loruri eta Madril artean bizi zen. La fuga de Segovia izan zen bere lehen pelikula garrantzitsua, El día de la bestia bere lehen protagosnita eta Periodistas ospea eman zion telesaila.

Antzerkian, zinean eta telebistan jardun zuen eta beti ere apal eta umoretsu. Hiru aldiz Goya sarietarako hautagai izan zen.

2010ean Donostiako Zinemaldian Zinemira saria eskuratu zuen. Talde lanaren garrantzia goraipatu zuen saria jasotzean.

[2014/07/21] Agur Alex!